Arrasate Kirol Sariak banatu dituzte arratsaldean Seber Altube plazan. Herriko kirolari onenaren eta kirol ibilbidearen saria modu irekian nori eman aukeratu ahal izan dute arrasatearrek eta lehia estua egon da kirolari onenaren saria lortzeko, bi hautagairen artean, Mondrateko senior mailako gizonezkoen taldearen eta Ointxe!-ko senior mailako emakumezkoen taldearen artean, zehazki. Gauzak horrela, saskibaloi taldeak –92 boto– baino hamazortzi boto gehiago jaso ditu areto futboleko taldeak –110 boto–.
Behetik gorako ibilbidea
Ez baita makala Julen Otxandianok zuzentzen dituen mutilek lortu dutena. Hirugarren mailako debutariak izanik, azken jardunaldira arte izan dute mailaz igotzeko kanporaketan sailkatzeko aukera. 2013an sortutako klubak aurrerapauso erraldoiak eman ditu urtero, eta Arrasate Kirol Sarietan parte hartu dutenek jakin dute balentria hori baloratzen.
Maria Jose Gil, beste saritua
Kirol ibilbide onenaren sarirako lehia, ostera, ez da horren borrokatua izan, Maria Jose Gil korrikalari beteranoak 272 boto eskuratu baititu, Karmelo Bergaretxe Besaide Mendizale Elkarteko zuzendaritzako kideak eskuratutako 101 botoen aurrean. Gil 1993an hasi zen lasterketetan parte hartzen, 62 urterekin, eta gaur egunean ere lehiatzen jarraitzen du. Urte horietan guztietan ezin konta ahala garaikur, domina eta errekor lortu ditu. Aurtengo urtarrilean, adibidez, Donostian jokatutako Euskadiko Masters txapelketan Espainiako 400 metroko errekorra ondu zuen 80F kategorian.
Aipamen berezia bi talderentzat
Arrasatek Udalak bere aldetik erabakitzen duen aipamen bereziaren saria Ointxe! saskibaloi klubeko senior mailako neskek eta Arrasate Rugby Taldeak jaso dute. Batak, lehen mailara igotzea lortu duelako, eta besteak, 50 urte bete berri dituelako.