HEMEN DEBAGOIENA

Indarkeria matxistarik gabeko jaien aldarria

Maider Arregi 2022ko eka. 16a, 16:04

Jaiak emakumezkoendako espazio seguruak izateko, baliabideak jarri ditu udalak Emakume Txokoarekin elkarlanean. 24 orduz arreta emango dute 688 80 91 37 telefonoan, eta indarkeria matxistari aurre egiteko gunea jarriko dute Arbolapetan.

Indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak. Hala, aurtengo sanjuanetan ere indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarri dituzte. "Herritarrek jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta aurrez aurreko arreta eta laguntza izango dituzte", dio Johanna Sanchezek, Berdintasuneko zinegotziak. Horrez gain, 24 orduz egongo den telefono zenbakira ere deitu daiteke: 688 80 91 37.

Indarkeria sexistarik gabe

Gainera, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko dute Arbolapetan. Emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, babes eta elkartasun gune bat izan dezaten. "Bertan, indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak izango dira".

Hala, ekainaren 23an, 24an eta 25ean, 20:00etatik 01:00etara izango da gunea zabalik. Eta ekainaren 26an, 18:00etatik 21:00etara. Gainontzeko egunetan ohiko telefonoetara deitu daiteke: Emakume Txokoa (943 79 41 39), Gizarte Zerbitzuak (943 25 20 07), Larrialdiak (112), Udaltzaingoa (943 25 20 10) eta EAEko 24 orduko telefono arreta zerbitzua (900 84 01 11). Emakume Txokoko baliabideak bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinatuta egongo dira, hala nola Udaltzaingoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin.

Erasorik bada, zer?

Ingurukoek egin beharreko ariketa zein den azaldu du Amets Beltran de Gebarak, Berdintasun teknikariak: "Erasoa jasan duen emakumearen bizipena zalantzan ez jartzea, haren erabakia errespetatzea eta izan ditzakeen beharrak zeintzuk diren identifikatzea da ingurukoek egin dezaketena".

Nesken ahalduntzea indartzea eta mutilen jarrera matxista eta sexista prebenitzea dela helburua gaineratu du zinegotziak. "Jaiek emakumezkoendako espazio seguruak izan behar dute; alkoholak eta drogak jarrerak desinhibitu arren, ez dituzte erasoak justifikatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak