Zaldunen trajeek egiten diote keinu nabarmenena Arrasateri, lila eta txuri kolorekoak baitira. Soinekoa eraman beharrean, neska zein mutil zaldunek prakak eramango dituzte soinean, erosoago joateko. Barrileroak bi konpainiatan banatuko dira, bakoitzak bere jantzia eramango duelarik; berdea batak eta urdina besteak. Konpainietako zuzendariek SUDCen logoa daraman kapela eramango dute, eta kapitainek jantzi beltz dotorea. Trajeok 2020ko sanjuanetan estreinatzea zen hasierako asmoa.
Haurren danborrada zapatu honetan irtengo da, arratsaldeko zazpietan, Kulturolatik Herriko Plazarako ibilbidea egiteko. Nagusienak, berriz, ekainaren 23ko gauean, Sanjuan sua piztu ostean, egingo du Biteritik Herriko Plazarako bidea. Nagusien trajeak berrizteko lankidetza sustatzearen alde agertu da Maria Ubarretxena alkatea. Era berean, SUDC elkarteak danborrada antolatzeko egiten duen lana goraipatu du.
SUK elkartea herriko jaietako eragile nagusienetakoa da, urte osoan zehar aritzen dira karrozak eta bestelakoak muntatzen. Bertako kideek jende berriari ateak zabaldu dizkiote Kulturolako eraikin berrian.