Jose Mari Larramendi: "Arizmendiarrietak bazuen jarrera bat egungo erronken inguruan"

Txomin Madina Milikua 2022ko eka. 14a, 15:33

Soziologia eta Antropologia ikasketak egindakoa, Jose Mari Larramendik (Mutriku, 1944) ondo ezagutzen du Arrasateko mugimendu kooperatiboa, 30 urtez Eroskiko bazkidea eta beste zortzi urtez Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko presidente izan zelako. Hona PUNTUAko ekainaren 10eko alerako egindako elkarrizketa. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Ekainaren 6ra arte Arrasateko Etxaluzen ikusgai egon den Jose Maria Arizmendiarrietari buruzko argazki erakusketaren bueltan, Arrasateko mugimendu kooperatiboaren sortzailearen balioen unibertsoari buruzko hitzaldia egingo du Jose Mari Larramendik ekainaren 16an, 18:00etan, Etxaluzen bertan.

Jose Maria Arizmendiarrietak 1970 eta 1976 artean idatzitako artikuluak aztertuta, haren 35 balio identifikatu dituzue dagoeneko. Zeintzuk dira nabarmenenak?

Ebaluazio subjektiboak alde batera utzita, balio horiek idatzietan agertzen diren maiztasunaren arabera egin dugu azterketa, iruditzen zaigulako balio bat sarri agertzen bada garrantzi handiagoa ematen diolako dela. Ordenan jarrita, maiztasun handiena dutenak dira: hezkuntza, elkarkidetza, eraldaketa soziala, pertsonak, konpromisoa, lana eta berdintasuna. Hirugarren aipatuena den arren, garbi agertzen da eraldaketa sozialari ematen dion garrantzia, nahiz eta gure kooperatibismoan hainbesterakoa ematen ez zaion. Hala ere, balioen unibertso horretan, eremu guztietan hezkuntza agertzen da. Arizmendiarrietaren jomuga nagusia mundu berri bat eraikitzea da, eta horretarako pertsona berritu egin behar dela dio, hainbat filosofo eta politikarik erabiltzen duten kontzeptu bera erabiliz, pertsona berriaren kontzeptua.

"Arizmendiarrietaren balioen unibertsoan, eremu guztietan hezkuntza agertzen da"

Zer pentsatuko luke Arizmendiarrietak egungo errealitateaz?

Hori aurrera begira egin beharreko lana da, eta horretan dihardugu. Hausnarketa sozial eta soziologikoa egin dugu gizarte honetako paradigmak identifikatuz. Hala, labur esanda, hauek dira gizarte honen joerak identifikatzen dituzten pautak: dena nahi dugu; nahi dugunak berria izan behar du; oraintxe behar dugu; eta doan behar dugu. Hainbat herritar eta mugimendu beste paradigma batera abiatzeko ahaleginetan ari da: beharrezko gauzak eskuratu behar ditugu; gauza birziklatuak; iraunkorrak; eta bidezko prezio batean lortutakoak. Bidea horrantz doa, eta esku artean ditugun erronkei zuzen erantzuteko paradigma hori landu behar dugu. Izan ere, doako zerbitzuak edo produktuak, esaterako, inoiz ere ez dira doakoak; ezkutukoa bada ere, prezio bat izaten dute. Arizmendiarrietak paradigma horri buruz esandakoak aztertzen ari gara.

Gaur egun bizi izan balitz, Arizmendiarrieta bera aipatu duzun beste paradigma horretarako lanetan dabilen herritar talde horren barruan egongo litzateke?

Dudarik gabe! Bere momentuan bazegoen, eta gaur egun ere egongo litzateke. Azken finean, bazuen jarrera bat gaur egun ditugun erronken inguruan: deslokalizazioaren inguruan, birlokalizazioaz, lanaren prekarizazioaz... Erronka horien inguruan idatzi izan zuen, eta esandakoak banan-banan identifikatzen, jasotzen eta sailkatzen ari gara. Gizarte kohesiora jota ere gauza bera gertatzen da, aberastasunaren kontzentrazioaz, migrazioaz eta ezberdintasunez asko idatzi zuelako. Etika balio bezala, balioen eta pertsonen logika, prokomuna... Horiek ere jorratu zituen. Ez dugu ahaztu behar hori 50eko hamarkadatik 70ekora bitartean egin zuela, euskal gizartea sumendi ideologiko batean bizi zela. Bide ezberdinetan geunden urte haietan: batetik, iraultza; eta bestetik, elkarlana. Arizmendiarrietarentzat herrigintza bide horretatik zihoan eta eraldaketa sakon eta osoa proposatzen zuen.

Jose Mari Larramendi, Jose Maria Arizmendiarrietaren argazkiekin osatutako erakusketan. (Argazkia: Txomin Madina)

Eroskiko bazkide izan den antropologo baten ikuspuntutik nola ikusten da Arrasateko mugimendu kooperatiboa?

Azken zortzi urteotan egiten ari garen azterketak asko laguntzen digu Arrasate inguruko kooperatibetan gauza batzuk oso ondo egiten dakigula eta egiten ditugula ikusteko. Beste batzuetarako ez gara hain onak eta oraindik ez dugu eredurik. Adituak gara ekoizpenean, kalitatean, eraginkortasunean... Sail ekonomiko askotan jorratzen ditugu horiek eta bai hemen eta baita nazioartean ere aitortza publikoa merezi izan dugu. Baina gizarte honetan erronka berriak ere planteatzen dira. Talentua da bat: ezinbesteko baliabidea da gaur egungo enpresetan eta hori lantzen dakitenek edo jakingo dutenek izango dute aitortza handiena. Bestetik, sormena dago, berrikuntza. Eta ez bakarrik teknologikoa, pertsonei lotutakoa ere bai. Horretan aurrerapauso kualitatiboak emateko gai diren enpresek izango dute arrakasta. Pertsonei lotutako bi eremu horiek lantzeko asko ikasi eta sakondu behar dugu oraindik ere gure kooperatibetan.

Egin duzuen ikerketa baten arabera, euskal herritarren %10ek ezagutzen dute Arizmendiarrieta. Ze irakurketa egiten duzue datu horren bueltan?

Gure zilborrari gehiegi begiratzen diogula; konturatu gabe, bizi garen tokitik proiektatu eta orokortzen dugu. Normala da: Euskal herriko jende gehiena Bilbo inguruan bizi da eta han bizi den euskaldun oso gutxik izan du edo dauka kooperatibismo munduarekin harremanik. Kooperatiben inguruan Oñatin edo Eskoriatzan dagoen ezagutza ez da Donostian edo Laudion errepikatzen. Bestetik, irudi sinbolikoen eta publikoen erreputazioa nola osatzen eta bideratzen den ikusita, hedabideetan eta hezkuntza munduan horrelako erreferente oso gutxi dago, eta hori egunero baieztatzen dugu. Esaterako, Donostian ekimen ekonomiko bat aurrera eramateko asmoa duenari abokatuek edo aholkulariek inoiz ere ez diote eskainiko kooperatiba eredu edo erreferente moduan. Alde horretatik, Debagoiena mundu bat da eta hortik kanpo beste mundu bat dago. Ni neu Zarautzen bizi naiz eta han ez dago kooperatibekiko ez tradiziorik ezta erreferenterik ere. Hori horrela, ez zait arraroa egiten errealitate horren eta bertako pertsona liderren inguruko ezagutza hain mugatua izatea.

"Akatsak beti egongo dira, baina ikusi dudana da helburu baten %80 lortzea zoragarria dela"

Argazki erakusketa eta inguruko guztiak Gipuzkoa Belaunaldi Arteko proiektuarekin daude lotuta. Zergatik da garrantzitsua belaunaldi berriek Arizmendiarrieta ezagutzea?

Ni neu denbora luzez ibili naiz Frantzian, eta han bi hitz erabiltzen dituzte han: batetik, faiseur-ak daude, egiten dutenak; bestetik, diseur-ak, hitz egiten dutenak. Arizmendiarrietaren kasuan, garrantzitsuenak ez dira haren diskurtsoak, sustatu eta martxan jarri zituen errealitate ekonomiko eta sozialak baizik. Hedabide nagusietan ikusitakoak ikusita, badirudi egungo gazte guztiak galduta daudela, eta ez da egia. Niri egokitzen zait, tarteka, unibertsitateetan eta start-up berrietan gazteekin hartu-emanetan egotea, eta ikusten dudana da gazteen artean badaudela geroari aurre egiteko lider benetan indartsuak. Asko zenbat da? Edozein giza taldetan liderrak ez dira %3tik gora. Gakoa horiek lantzea da: lider edo ekintzaile horiek gure artean baditugu, gizarte honek aurrera egiteko, berritzeko eta eraldatzeko oinarria izango dugu. Arizmendiarrieta inspirazio izan daiteke horiendako. Baina ez haren diskurtsoagatik, egin zituenengatik baizik. Azken hiru urteetan Chiapasko talde indigena batzuekin lanean ari naiz gosea dagoen lekuetan proiektu amankomunak martxan jartzeko, eta egoera horietan diskurtsoak ez du balio, proposamen konkretuak dira behar direnak. Akatsak beti egongo dira, baina ikusi dudana da helburu baten %80 lortzea zoragarria dela. Gainerako %20a beti geratuko da hobetzeko edo kritikatzeko, baina ekintzetako kultura da garrantzitsua, ez hitzetakoa.

Aurten beteko dira hamabost urte Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea sortu zenutela. Zer azpimarratuko zenuke egindako ibilbidetik?

Arizmendiarrietak utzitako herentzia ikusi, aztertu eta lantzeko sortu genuen, batez ere, elkartea. Enpresatik kanpo gaudenez, gura lana da azterketa kontzeptualak eta soziologikoak egitea, apaltasunez, gaur egun erabakiak hartzen dituztenei proposamen berriak eskaintzeko. Oso ondo ikusten dut elkarteak izan duen garapena: 350 bazkide gara eta proiektu oso garrantzitsuak ditugu esku artean. Kudeaketan, emaitzetan eta kapitaletan langileen parte-hartzea arautuko duen legea ari gara lantzen, esaterako: orain bospasei urtetik, alderdi politiko eta sindikatu guztiekin elkarrizketak izaten ari gara eskumen kontuengatik Madrilen aurkeztu beharko dugun lege proposamena lantzeko. Lan asko ari gara egiten, apaltasunez eta gelditu barik, baina hitz potolo eta espektakularrik gabe. Egiten duguna ez da zerbait espekulatiboa, gerora etorriko diren ikertzaile, enpresari eta gainerakoei lana errazteko helburua duena baizik. Horretarako tresnak ere eskaintzen ditugu: gaur egun artikulu bat idatzi gura duenak Arizmendiarrietaren balioak identifikatzeko eta esaldiak berehala eskuratzeko aukera ematen duen aplikazio informatikoa martxan dugu, esaterako.

"Beti mugitu izan naiz kulturaren eta kudeaketaren inguruan"

Beste hainbat saltsatan ibilitakoa zara, eta bazabiltza oraindik ere: 68ko udaberrian Parisen zeunden; Egin egunkariaren sorreran egon zinen; Xoxoa ekoiztetxea sortu zenuen; gaur egun, Elkano 500 Fundazioko kidea ere bazara... Zerk mugitzen zaitu?

Beti mugitu izan naiz kulturaren eta kudeaketaren inguruan; niretzat erakargarria da kultura mugimenduak eta ekimenak ikusi, aztertu eta aurrera eramatea. Egin, esaterako, Euskal herriak gorpuztu zuen proiektu izugarria ian zen: 72.000 pertsonaren arteko crowdfunding baten bidez sortu zen, crowdfunding-a zer zen ere jakin gabe. Ilusionatzen nauena da ditugun ahalmenak areagotu, sakondu eta horiei forma ematea. Eta ez bakarrik doktore tesi bat eginaz, praktikan eta martxan jarrita baizik. Orduan agertzen dira mugak eta ahuleziak, eta, hain zuzen, horrek egiten gaitu gizakiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak