Arrasateko Udalak eta txosna batzordeak prest dute aurtengo sanjuanetako egitaraua. Guztira, zortzi egunetarako programatu dituzte jaiei begirako ekitaldiak, datorren barikutik hasita. Egun horretan, Arrasate Musikalek ikasturte bukaerako kontzertua emango du Amaia antzokian, 19:00etan. Une berean, Goikobalu abesbatzak kale-kantua egingo du erdigunean zehar, eta, ordu erdi geroago, Herrixa Dantzan jarriko dute Biteri plazan Portaloi elkartekoek.
Zapatu goizean, Baserritarren Azoka egingo dute Seber Altuben, eta 19:00etan, haurren danborradak girotuko du erdigunea, musika bandaren doinuekin eta SUDC elkarteak antolatuta.
Domekako egitarauari Dantzari Eguna deitu diote; haurrak protagonista izango dira 11:00etako kalejiran eta 13:00etako Herriko Plazako emanaldian. 19:00etan, Gauargik dantzaldia egingo du, gainera, toki berean.
Ekainaren 21ean, martitzena, AEDk antolatutako 35. Arrasate literatur lehiaketen sari banaketa ekitaldia egingo dute Kulturaten, 19:00etan.
Festa lehertuko da 23an
Ekitaldi mordoxka pilatuko dira lau egunez jarraian, sanjuanetako bezperan hasi eta domekara arte. Eguenean jaurtiko dute txupina txosna batzordeko kideek, 12:00etan. Uarkapen egingo dute herri bazkaria, eta arratsaldean makala jasoko dute, 18:00etan, Herriko Plazan. Errementari dantzari 21:00etan ekingo diote, eta amaitzean piztuko dute San Juan sua. 23:00etatik aurrera, txosnetako kontzertuen eta nagusien danborradaren txanda izango da.
San Juan egunean, entzierroa, meza nagusia, erraldoi eta kilikien konpartsa, musika bandaren kalejira eta kontzertua, ohorezko aurreskua eta 80 urtetik gorakoen omenaldia izango dira goizean zehar; hortik aurrera, kultura ekitaldi ugarik izango dute tokia.
Zapatuan, haurren eta gaztetxoen festa eguna izango da, eta Zeuk iñ zeuk jan herri bazkaria egingo dute azoka plazan.
Domekan, ostera, Anariren kontzertuak borobilduko ditu sanjuanak Herriko Plazan.
GOIENAk datorren astean zehar landuko ditu egitarauko kontuak, luze eta zabal.