'Carmina Burana' obra 250 musikarirekin interpretatuko dute Arrasaten

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko eka. 9a, 13:41

Arrasate Musikal musika eskolak 50. urteurrena bete du eta Donostiako Orfeoiak, berriz, 125.ena. Hain justu ere, bi urteurren borobil horiek ospatzeko, bi taldeak elkartuko dira, eta Goikobalu Abesbatzarekin eta Txorbelarekin batera, Uarkape frontoian eskainiko dute Carmina Burana, uztailaren 2an arratsaldeko 20:00etan.

Arrasate Musikaleko zuzendari Marta Izagirrek eta bertako bandako zuzendari Mikel Markiegik adierazi dute "erronka handia" dela eurendako, Donostiako Orfeoiarekin batera, Carmina Burana obra ezaguna interpretatzea. Baina erronka heldu eta uztailaren 2an taularatuko dute Uarkape pilotalekuan, Goikobalu Abesbatzarekin eta Txorbelako hainbat kiderekin batera.

Donostiako Orfeoiko zuzendari Jose Antonio Sainz Alfarok esker hitzak izan ditu Markiegirendako, kontzertua iragartzeko egin duten prentsa agerraldian: “Eskerrik asko Markiegiri, badakit lan handia egiten ari dela bere taldearekin, musikariak bikainak dira, eurekin egon naiz lehen entsegu baten. Eta helburu daukagu orain Carmina Burana; inongo zalantza barik publiko orokorra erakartzen du, izan ere, agian mundu mailan gehien interpretatzen den obra da”, adierazi du.

Sarrerak, 20 eurotan

Hainbat lekutan salduko dituzte sarrerak, 20 eurotan; musika eskolan bertan, Amaia Antzokian hilabete honetan egingo dituzten emanaldietan ere eskuratu ahal izango dira, eta baita Monte, Kajoi eta Ezkiña tabernetan ere.

Sarrerek ez dute eserleku zenbakirik eramango. Guztira, 1.042 eserleku dauzka Uarkapek eta ateak ikuskizuna baino 45 minutu lehenago zabalduko dituzte, jendea poliki-poliki sartzen joan dadin.

Logotipo berria

Bide batez, Arrasate Musikalek bere 50. urteurrena ospatzeko logotipo berria ere aurkeztu du, "aurrekoaren elementuak batzen ditu, baina modu sinpleagoan", adierazi du Arrasate Musikaleko tronpeta irakasle eta ekintza arduradun den Edorta Aiastuik.

Kamisetak atera dituzte irudi berriarekin eta musika eskolan salduko dituzte. Ikasleen artean egindako lehiaketa batetik atera dute, berriz, urteurrenerako erabiliko duten leloa: “Zazpi nota, nahi beste kolore”, dioena.

Arrasate Musikaleko ordezkariak, logotipo berria aurkezten.

Irailetik aurrera ospatuko dute bereziki musika eskolaren 50. urteurrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak