Zuntza jartzeko lanekin segitzeko, bizilagunen baimenak "funtsezkoak" direla dio Udal Gobernuak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 7a, 18:59

Alde zaharrean zuntz optikoa ezartzeko obrak 2021eko azaroan hasi zituzten, eta proiektu osoa gauzatzeko epea bi urtekoa da. "Obrak erritmo onean doaz, baina, horretarako, beharrezkoa da eragindako auzotarren laguntza, baimenak azkar eman ditzaten eta, horrela, ezarritako kronograma bete dezaten", adierazi du Gobernuak.

Arrasateko Udal Gobernuak, alde zaharrean zuntz optikoa hedatzeko arduratu duen Zener Plus S.L. enpresarekin batera, nabarmendu du eremua "oso konplexua" dela eta proiektuak auzotarren baimenak behar dituela ezinbestean aurrera jarraitzeko. "Horrek guztiak administrazio- eta bilera-lan handia eta nekeza eskatzen du, inplikatutako alderdi guztiekin akordioak lortzeko. Obrak aurrera doaz eta zuntz optikoa herriko hirigunera iritsiko da proiektuaren hasieran egindako aurreikuspenen arabera", berretsi dute.

Zener Plus S.L. enpresako ordezkariek, halaber, azaldu dute zuntza atarietan jartzeko baimena eman duen etxebizitza-bloke bakoitzarekin harremanetan jarri behar direla, zuntzaren instalazioa atari barruan nola geratuko den azaltzeko proposamen bat helarazteko. "Bizilagunen komunitateak horretarako baimena eman behar du. Horregatik, garrantzitsua da bizilagunen bizkortasuna eta konpromisoa".

Bederatzi fasetik bi daude bukatuta

Zuntz optikoko obrak eta instalazioak gauzatzeko plana honako hau da:

  • 1. fasea: Ferrerias kaleko 34-56 arteko atariak eta bakoitiak. Fase hori gauzatuta dago, eta une honetan Masmovil-en esku dago dokumentu guztiak ikuskatu eta estaldura emateko. Azken prozesu horrek bizpahiru hilabete artean irauten du. Gobernuak uste du irailetik aurrera etxebizitza-bloke horiek zuntza eskatu ahal izango dutela.
  • 2. fasea: Maala kaleko 27tik 35era arteko atariak. Fase hori gauzatuta dago, eta une honetan Masmovil-en esku dago dokumentu guztiak ikuskatu eta estaldura emateko. Azken prozesu horrek bizpahiru hilabete artean irauten du. Gobernuak uste du irailetik aurrera etxebizitza-bloke horiek zuntza eskatu ahal izango dutela.
  • 3. fasea: Ferrerias kaleko 32tik 2ra eta bakoitiak. Fase hau abian da eta laster amaitzea espero du Gobernuak.
  • 4. fasea: Erdiko kaleko 1etik 32ra. Gauzatuko den hurrengo fasea da. Zenerreko arduraduna harremanetan jarriko da komunitateko arduradunarekin, hark proposamenari baimena eman diezaion.
  • 5. fasea: Erdiko kaleko 34tik 60ra eta bakoitiak eta Gazteluondo kaleko 3tik 13ra. 4. fasea amaitutakoan, fase honekin hasiko dira.
  • 6. fasea: Iturriotz kaleko 18tik 30era eta bakoitiak. 5. fasea amaitutakoan, fase honekin hasiko dira.
  • 7. fasea: Iturriotz kaleko 1etik 7ra eta bakoitiak. 6. fasea amaitutakoan, fase honekin hasiko dira.
  • 8. fasea: Olarte kaleko 18tik 6ra eta bakoitiak. 7. fasea amaitutakoan, fase honekin hasiko dira.
  • 9. fasea: Maala kaleko 23tik 1era eta bikoitiak. 8. fasea amaitutakoan, fase honekin hasiko dira.

Gobernuak jakinarazi duenez, fase bakoitzak bi hilabete eta erdi behar ditu exekutatzeko.

Kontratuaren prezioa 189.253,02 eurokoa da, BEZik gabe, eta Udala egindako obra-tarte bakoitzeko ordaintzen ari da, gauzatutako obraren ziurtagirien bidez.

Zuntza 2021 taldearen iritziz, "ulergaitza" da

Zuntza2021 taldetik adierazi dute atarteetan baimenak lortzeko kanpaina abiatu zutela "aspaldi", eta lanak egitea onartu zuten komunitateen berri baduela Udalak: "Ez duguna ulertzen da zergatik dauden oraindik erantzunik eman ez dutenen zain, epea amaitu zen. Aitzakia iruditzen zaigu, lanen planifikazio eskasa ezkutatu eta bizilagunak egiteko atzerapenen erantzule".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak