"2021eko maiatzean Iturriotz kalean argazkia atera zuten alkatetzak zuntz optikoa alde zaharrean berehalaxe jarriko zela iragarriz komunikabideen aurrean, hain ohikoa duten argazkiaren politikaren beste agerraldi batean", adierazi du taldeak, ohar bidez. "Hauxe izan zen orduan titularra: 'Herritarrek zuntz optikoa erabili ahal izango dute alde zaharrean 2022ko lehen seihilekotik aurrera'. Urtebete igaro da ordutik, epea betetzear dago eta guztiok argi ikusten dugu urruti dagoela oraindik alde zaharreko biztanle nahiz langileok ganorazko Internet konexioa lortzeko unea", diote.
"Pazientzia handiz" jokatu dutela diote, bai herritarrek bai Zuntza 2021 taldeak, baina Udalak emandako epeak agortu egin direla salatu dute. "Alde zaharreko bizilagunoi pazientzia agortzen ari zaigu".
Lanak 2021eko azaroan hasi zituzten, Ferrerias kalean. "Orain dela urte erdi baino gehiago zen hori, eta oraindik Ferrerias kaleko zati batzuetan agertzen eta desagertzen dira toki berberetan noizean behin beharginak, ezin dutenak inolako eperik eman instalazioaren inguruan, euren hitzetan", adierazi du taldeak. "Hala ere, ez dirudi urte osoa hartuta ere amaituko denik instalazioa, oraindik atarte eta etxeetara sartzeko prozesua ozta-ozta hasi ei da eta. Erritmo honetan, noiz amaituko dute? Zenbat urte beharko dira? TAOren bulegorako berehala sartu zuten zuntza, baina, noski, hori Udalaren behar bat asetzeko zen".
"Denbora irabazten ari dira"
Irudipena dute Zuntza2021ek egin duen agerraldi bakoitzeko Udalak eman duen erantzuna ez dela izan zuntzaren instalazioan benetako aurrerapauso eraginkor eta esanguratsuak emateko, baizik eta Zuntza2021 eta herritarrak lasaitzeko. "Horrela, lortzen dute Arrasateko herritar ugarik pentsatzea alde zaharrean zuntza dagoeneko erabilgarri dugula, eta aldi berean, denbora erosten dute hilabete batzuetarako, jendeak arduradun politikoen fede onean sinetsi nahi duelako".
Lanean "ganoraz" hasteko eskaera
Azpimarratu dute oraindik ere arazo handiak dituztela Internet konexioarekin etxebizitza, komertzio eta bestelako establezimenduetan. Horregatik orain ez dute nahi "alkatetzatik beste komunikatu edo albiste gisa etorriko den pilula lasaigarririk", ez eta bestelako aitzakiarik ere. "Lanean ganoraz hastea exijitzen dugu, herritarrak epeen inguruan eta instalazioaren nondik norakoen inguruan zintzotasunez aldiro informatzea eta instalazio lanei Udaletik benetako jarraipena egitea. Kanpora saltzen den Arrasate moderno eta lehiakorrak ez daukalako zerikusirik askok bizi dugun eguneroko errealitatearekin".