Arrasate Kirol Sariak 2022: hautagaiak aukeratzeko bozketa, zabalik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 6a, 15:33

Bueltan datoz Arrasateko kirolari onenak eta kirol ibilbide aipagarrienak saritzea eta errekonozitzea helburu duten Arrasate Kirol Sariak. Ekainaren 16an egingo den sari banaketako ekitaldian protagonista izango direnak aukeratzeko bozketa ireki dute Arrasateko Udalaren webgunean; ekainaren 15era arte eman daiteke botoa.

14 urtetik gorako arrasatearrek aukera dute dagoeneko nahi duten botoa emateko, ekainaren 15era bitartean, Arrasateko Udalaren webgunean. Hautagaiak aukeratzeko herriko kirola jarraitzen duten komunikabideetako kazetariekin egon da Arrasateko Udala eta ibilbidearen saria aukeratzeko, berriz, Arrasateko Kirol Elkarteei eskatu diete laguntza. Dagoeneko aukera dago Arrasateko Udalaren webgunean bi sariketetarako botoa emateko. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 16an egingo dute eta ekitaldi horren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo dute ekainaren 13an.

AKS sarietarako hautagaiak:

AKS sariketa barruan, batetik, kirolari onenaren sariak banatuko dituzte –bakarkako kirolariak eta talde mailako lorpenak multzo berean egongo dira–, eta bestetik, kirol ibilbideak ere sarituko dituzte. Hauek dira hautagaiak:

Kirolari onenaren sariak

  • Ander Murua. Pilotaria. 23 urtez azpiko euskal pilotako Munduko Txapelketan, eskuz binakako finala irabazi zuen. Arrasatekoak, finalean, Andoni Gaskuerekin batera osatu zuen bikotea, eta Mexikoko pilotariei 2-0 irabazi zieten
  • Maria Jose Gil. Atleta. 2022ko urtarrilaren 8an Donostian jokatu zen Euskadiko Master txapelketan Espainiako 400 metroko errekorra ondu zuen, berriro, 81 urteko emakume atletak.
  • • Miren Apraiz. Triatleta. Arrasatearra distantzia motzeko Euskadiko Duatloi txapelduna izan berri da, Azkoitian egindako lasterketan 02.19.23ko denbora egin zuen.
  • • Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen taldea. Lehen Nazional Mailan dira, ligan bigarren sailkatu eta Iturripen jokatu zuten lauko finalean nagusitu eta gero.
  • • Yaman Mjahed. Borrokalaria. Arrasatekoa MMAko borrokaldi garrantzitsuetan esku hartzen dabil. Dagoeneko WOW5 eta WOW6 jaialdietan hartu du esku, eta bietan gailendu da.
  • • Mikel Aizpuru eta Igor Gordobil. Beasaingo futbol taldeko erdilaria bata eta entrenatzailea bestea. Talde bagoilaria 2. RFEF
    kategoriara igo berri da.
  • • Mondrate, areto futbol taldea. Maila Nazionalera igo berri den senior taldea denboraldi bikaina burutzen ari da. Asteburuan
    dute
    play-off-etarako sailkatzeko aukera.
  • • Malen Ruiz de Azua. 2021eko maiatzean zilarrezko domina lortu zuen nazioen araberako Europako Atletismo Txapelketan.
    Iberoamericano txapelketan bigarren izan berri da.
  • • Mondragon Unibertsitateko gizonezkoen taldea. EBA mailan jokatzen duen taldeak lauko finalerako txartela lortu zuen. Finalean galdu ondoren, ez ziren igoera faserako sailkatu, baina denboraldi bikaina burutu dute.

Kirol ibilbideari sariak

Udalak Arrasateko kirolari egindako ekarpenagatik hainbat lagunen ibilbidea ere aitortu gura du, eta horiek ere bozketa bidez aukeratuko dituzte herritarrek. Hasteko, hil ondoko titulu moduan saria jasotzeko hautagaiak dira Mariano Arrieta eta Joxe Antonio Aranburuzabala. Bi lagun horiek ekarpen handia egin zioten herriko eskubaloiari. Eta horiekin batera, beste hautagaiak dira urteetan Besaide Mendi Elkarteko zuzendaritzan egon den Karmelo Bergaretxe, Arrasateko saskibaloiaren sorrerari lotuta dagoen Jon Basurko eta Maria Jose Gil atleta beteranoa. Oharra: Bozketa horiek arrasate.eus atarian egin daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak