Ospitaleko langileek "estortsio sistematikoa" salatu dute

Uxue Igarza Loiola 2022ko eka. 6a, 14:09

Bi langilek iraupen luzeko bitarteko kontratuei "uko" egin dietela azaldu dute, gaur eguerdian egin duten elkarretaratzean. Erabakien atzean, zuzendari medikoarekin duten "gatazka" dagoela adierazi dute. Osakidetzak, berriz, "gezurtatu" egin dituzte sindikatuen esanak.

Debagoieneko osasungintzako langileek, ESK eta LAB sindikatuen babespean, Arrasateko ospitalea zuzentzen dutenen "jarrera" eta "lan eremuko tratu txarrak" salatu dituzte. "Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren abalarekin eta bultzadarekin, zuzendaritzak langileriari egiten dion estortsio sistematikoa salatu nahi dugu, zeinak profesional kualifikatuak gure ospitaletik ateratzea eragin baitu", azaldu dute.

Zehaztu dute, azken astean,  kontratu egonkorra duten  bi langilek ospitalea uzteko erabakia hartu dutela. Horietako bat da Roberto Sanchez medikua. "Min egiteko jarri dizkigute guardiak –sei asteburu jarraian izan ditut–; espedientea irekitzearekin mehatxatu gaituzte; grebak egin ditugunean, zerbitzu minimoak ikaragarriak ziren...  Egoera honengatik jazarpen protokoloaK aktibatu genituen, baina Osakidetzak, ikertu beharrean, gehiago zapaldu gaitu eta espedienteak ireki", esan du Sanchezek.

Sindikatuek diote "urteetako presioa eta jazarpena" pairatzen dutela langileek, eta zuzendari medikoa "kargutik kentzeko" eskatu dute.

Egoera honen aurrean, Osakidetzak oharra kaleratu du eta bertan Debagoieneko Ospitalearen kudeaketa "babesten" duela azaldu: "Osakidetzak langile guztiak berdin tratatzen ditu, eta erabat faltsua da Debagoiena ESIko profesional bat bera ere diskriminatzen edo estortsionatzen ari dela".

Ospitaleko zuzendaritzak, bestalde, ez du adierazpenik egin nahi izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak