Arrasate Rugby Taldearen garagardo azoka eta erakusketa martxan dira

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko eka. 3a, 13:21

Klubak burubelarri dihardu 50. urtemugako ekitaldiak antolatzen. Ostegunetik zapaturarte arte izango dute zabalik Herriko Plazan garagardo azoka, bi urteko etenaldiaren ostean. Antolatzaileentzat garrantzitsua izan ohi da karpa muntatzea, ARTren balioak zabaltzen laguntzen dielako, hein handi batean.

Atzo, eguena,  pintxo-potea egin zuten, baita afariak eskaini ere. Otorduak ematen jarraituko dute ostiral eta zapatuko gauetan. Egun horretan, gainera, bazkaltzeko aukera egongo da karpa barruan. Eta garagardo azoka denez gero, ezin falta edari hau ere. 

Ekitaldi kulturalek girotuko dute gunea. Atzo Leire Etxezarreta eta Pello Heriz igo ziren oholtzara, eta 22:30ean, Doce C Klik rap-kantariaren txanda izan zen. Gaur, egubakoitza, gaueko 22:30ean, Sin+ talde beteranoak joko du kontzertua eta zapatuan, azkenik, AZ Gaubelakek musikatuko du azoka, ordu berean hasita.  Horrez gain, umeentzako aurpegiak margotzeko eta txapak egiteko txokoa jarriko dute gaur arratsaldean. Era berean, Pook taldeko kideek diseinatutako murala margotuko dute, Mojategiko sarreran jartzeko intentzioarekin.

Erakusketa Kulturaten

Herriko plazatik kanpora ere prestatu dituzte ekintzak ART-koek, Kulturateko klaustroan atzera begirako erakusketa bisitatu ahal izango delako ekainaren 18rarte. Denbora lerro moduko bat egin dute, argazki eta arropekin mugarri garrantzitsuenak aipatuta.

Zapatuan Herensugeek, Rugby Taldeko beteranoek, partidua jokatuko dute zapatuan Mojategin, Hernaniko beteranoen aurka.

Azaldutako guztia gutxi ez eta udazkenera begirako ekintzak ere antolatzen hasiak dira, besteak beste, plakaketa gabeko Touch Rugby txapelketa edota umeentzako errugbi eguna, puzgarri eta bestelakoekin. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak