2019an du jatorria musikalak. "Gontzal Mendibil etorri zitzaidan, Arizmendiarrietaren bizitza eta obra jasotzen zituen musikal bat egiteko proposamena eginez. Ideia asko gustatu zitzaidan eta segidan eman nion baiezkoa, elkarteko zuzendaritza batzordearekin kontsulta egin ostean", azaldu du Miguel Angel Laspiurrek, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko presidenteak.
Hala, pandemia tarteko, proiektua garatzen joan da Mendibil, eta gaur aurkeztu dute emaitza. Arizmendiarrietaren mezuak jaso ditu musikariak, poesia bihurtu eta ondoren, musikatuz, hogeita bi kantu berri sortuta. Hori dela eta, musikalak kantu bidez azalduko du nor zen eta zer egin zuen. Azken batean, bere bizitza kontatuko du emanaldiak eta, beraz, Markinako Barinaga auzoan hasiko da, bera jaio zen lekuan. "Gero, Gerra Zibilaren garaia etorriko da eta kartzelatik pasa ostean, 1941ean, Arrasatera iritsi zen. Hemen bizi izan zituen hainbat pasadizo interesgarri kontatuko ditugu", adierazi du zeanuritarrak.
Askotariko artistak oholtzan
Mendibilek aitortu du ez dela bakarrik egongo. Izan ere, hamaika musikari, sei kantari eta hamasei antzezle egongo dira, tartean, Arkaitz Gartziandia, Arizmendiarrietaren papera egingo duena. Horrez gain, Goikobalu Abesbatzak ere parte hartuko du emanaldian, Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean. Hala, kantuak, dantzak eta proiekzioak uztartuko dituzte oholtza gainean.
Hazia lora dadila
Musikala laikoa eta modernoa dela azpimarratu du Mendibilek, besteak beste, Arizmendiarrietaren mezuek bizirik dirautelako gaur egun ere. Era berean, haziari erreferentzia eginez, ezkur bat oparituko diete ikus-entzule guztiei. "Arizmendiarrieta bera zen hazia, eta harizti bilakatu du ingurua. Badago bere esan bat asko gustatzen zaidana: 'Zelan imajinatu ezkur batetik haritza sor daitekeela? Halakoak dira ideiak. Hazi eraginkorrak, pizten direnean, prozesu berri batean abiarazten dira, eta ez dago ezer berezkorik, guk sortzen dugunetik dator guztia'. Beraz, ikus-entzuleei zera esango diegu ezkurra ematean: Gorde egizue ezkur hau zure gutuna bailitzan, eta erein egizu, hazten doala ikus dezazun".
Ereiten duzuna jasoko duzu. Hori da Arizmendiarrietaren esaldietako bat eta Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du hark asko erein zuela Arrasaten."Gaur egun gure herriko nortasunaren zati handi bat Jose Mariari zor diogu".
Estreinaldia, irailaren 17an
Irailaren 17an estreinatuko dute musikala, Amaia antzokian, eta ondoren, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Beasainen ere egingo dute, abendura bitartean.
- Arrasate: Irailak 17-18 (Amaia antzokia)
- Bilbo: Urriak 1 (Arriaga antzokia)
- Iruñea: Urriak 29 (Baluarte)
- Gasteiz: Abenduak 15 (Principal antzokia)
- Beasain: Abenduak 23 (Usurbe antzokia)