Hazia musikala Arrasateko kooperatiben eredua sustatu zuen pertsonaren irudikapen artistikoa da; hau da, Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitzaren irudikapen antzeztu-musikatua. Elkarlanaren eta talde-lanaren eredu izan den pertsona izan zela kontuan hartuta, musikala ere modu berean egin dutela adierazi du Gontzal Mendibilek, kultura proiektu honen atzean aritu den musikari ezagunak.
Hazia ikuskizun musikalak Arizmendiarrietaren bizitzaren hainbat zertzelada kontatzen ditu, baina sakontasunez, ezta?
Nire seigarren musikala da honako hau. Egin ditudanetatik ederrenetakoa izango da, ederrena ez bada. Arizmendiarrietaren bizitza kontatuko dugu, hark egindakoak; eta haren mezu eta balioak azaleratzea da asmoa, musika bidez. Ametsak eraikitzen leloarekin eta Beti aurrera! aldarri zuzenaren balio horretan finkatua. Hori horrela, ikuskizun musikala guztiz laikoa izango da, Arizmendiarrieta apaiza zen eta. Bi ordu inguruko iraupena du musikalak, eta hamasei eszena batzen ditu. Hamaika musikari, hamasei antzezle-aktore, sei kantari eta Easo eta Goikobalu abesbatzak izango dira, Ohikako dantzakoen koreografia on batek lagundurik. Muntaia handia du, zailtasunak ditu, eta, gainera, lau argi-proiekzio ere baditu… Gauza polita izango da. Arizmendiarrieta 1915ean jaio zen, Markinan, eta kontatuko dugu zein izan zen, nolakoa izan zen haren bizitza, eta baita gure herriaren etorkizunerako zer-nolako balio-bidea daukaten beraren balioek. Gaur egun, konpetentziaren munduan gaude, eta, hala, elkarlana-kooperazioa-konpromisoa oso baliagarria da.
Aurrelan handiko lana izango zenuten, duda barik. Nolakoa izan da sortze prozesua?
Duela hiru urte hasi ginen proiektu honekin. Musikal bat egin izan dudanean, pertsona azpimarratzea gustatu izan zait beti. Hala, Arizmendiarrietaren bizitzari buruz asko irakurri ostean, haren mezuak poemetara pasatu ditut, eta gero, musikatu. Azken batean, haren mezuak dira kantu bihurtu ditugunak. Gidoia eta musika egin dut, baina hemen talde sendo eta ederra dago atzean. Esaterako, Arkaitz Gartzionandia izango da Arizmendiarrietaren rola edo papera egingo duena. Esan beharra dut Arizmendiarrietaren antza ere baduela… Hark kontatuko du nor zen, umezarotik hasita, zer-nolako oztopoak izan zituen… eta nik mezuak botako ditut; betiere, musikarekin. Gure herriaren elkarlan bidea, auzolana, asko gustatu zait beti; gure baliorik handienetakoa da, eta, Mondragon oso ezaguna da munduan zehar, baina ez da hain ezaguna nork sortu zuen.
Arizmendiarrietak ereindakoak dira MCCren eta Mondragon Unibertsitatearen haziak eta lehen pausoak. Musikalaren izenburua ondo ekarri duzue.
Hazia hark sortu zuen; hura izango da hazia eta harizti bihurtuko da. Ikuskizunean, ezkur bat eramango diogu, opari gisa, antzokira datorren ikusle bakoitzari. Hala, guztiek hazia erein dezaten eta zuhaitzak hazi daitezen. Arizmendiarrieta izena ere hortik dator; beraz, oso esanguratsua da Hazia musikalaren izenburua. Kantua honela hasiko da: Hazia zen hasieran, eta haziz-haziz joan zen… Eta amaieran, hariztia sortuko da. Hau da, bailara osoa, kooperatiben enpresa, lanbide eta guzti hori.
Arizmendiarrietaren mezu deigarriren bat?
Niri deigarria egin zait bat; hark esaten zuen: "Kontzientzia hartzea hazia bezalakoa da". Hau da, nola imajinatu hazi batetik haritza sortu daitekeela. Esaten zuen herrian sartzen diren ideiak ere halakoak direla. Hau da, gure ekintzetatik datorrela guztia. Utopia beharrezkoa dugu goian izatea, baina pragmatismoz eta errealismoz. Izan ere, ideiak aurrera eramateko, indarra lurretik egin behar dugu, oso ondo eraikitako hormekin. Hori da Hazia ikuskizun musikalaren nondik norakoa, eta kantuak ere bide horretatik doaz.
Zergatik joan behar dute herritarrek musikala ikustera?
Ziur nago antzokira sartzen dena oso ezberdin aterako dela aretotik. Arimaz egindako musikala da; lan artistiko handia da, eta, zenbait musikal egin arren, oso gustura geratu naiz honekin. Izan ere, uste dut gure herriak gaur egun duen elkarlan behar hori zabaldu egin behar dugula, herri legez.