Zabaldu dituzte Santa Barbara eta Villa Amparoko ur parkeak

Hasier Larrea 2022ko eka. 2a, 14:03

Ur txorrotak irailaren amaiera arte egongo dira erabilgarri egunero, 10:00etatik 20:00etara. Iaz ez bezala, aurten ez da txanda edo afororik egongo, pandemia osteko neurri gisa. Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekua ekainaren 18an irekiko dute.

Arrasate Gipuzkoako lehen udalerria izan da udako denboraldia inauguratzen. Hala adierazi du Ander Garay kirol zinegotziak: "Txorrotak gaur irekitzeko asmoa geneukan, baina atzo egindako beroa kontuan hartuta, egun bat lehenago irekitzea erabaki genuen; neska-mutilek eskertu dute!".

Iaz inauguratu zuten Villa Amparoko ur parkea, eta duela bi urte Santa Barbarakoa. Santa
Barbarako ur parkeak 21 joko ditu, adin guztietako herritarrek erabili ahal izateko: "Iaz egunero 100 pertsonatik gora ibili ziren parke horretan".

Villa Amparoko parkea, ostera, Santa Barbarakoa baino handiagoa da, bi gunerekin: "Alde
batetik, bidegorritik gertuen dagoen gunean 18 jolas daude, 4 urtetik gorakoentzat. Eta bestetik, Etxetxikietatik gertu dagoen gunea haur txikiagoentzat diseinatuta dago, bi zirkuiturekin".

Irekitzeko lanei maiatzean ekin zieten

Ur parkeen irekiera burutu ahal izateko hainbat lan egin ditu Arrasateko Udalak, kiroldegiko mantenu arloko langileen bitartez: ur jolasak jarri, depositu eta filtroak hustu, ur zirkuitua garbitu eta desinfektatu, instalazioa berriz urez bete, filtrazioa eta arazketa martxan jarri, laborategian ziurtagiri baten bidez uraren laginak hartu eta beharrezko analitikak egin.

Bestalde, hilean behin uren analitika bat egingo dute eta udako denboraldian zehar Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoak ikuskapen bat egingo ditu.

Kanpoko igerilekua, ekainaren 18rako

Igerilekuari dagokionez, kanpoko igerilekuak ekainaren 18an irekiko dira, 09:00etatik
21:00etarako ordutegian, eta irekita egongo dira irailaren 18ra arte.

Pandemia baino lehenagoko egoeran irekiko dituzte, hau da, ez da ez txanda ez afororik egongo. Udako abonua egiteko aukera egongo da, ondorengo prezioekin:

  • 18 urtetik beherakoak: Arrasaten erroldatuak, 41,70 €, eta ez erroldatuak, 50,10 €.
  • 18 urtetik gorakoak: Arrasaten erroldatuak, 70,10 €, eta ez erroldatuak, 84,20 €.
  • Familiarra: Arrasaten erroldatuak, 112 €, eta ez erroldatuak, 134,40 €.

Sarrerak eta 10eko bonuak ere salgai egongo dira, ondorengo prezioekin:

  • Eguneko sarrera: 18 urtetik beherakoak, 3,50 €, eta 18tik gorakoak, 6,20 €.
  • 10eko bonuak: 18 urtetik beherakoak, 28,50 € eta 18tik gorakoak, 56,80 €.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak