Azoka izanik, artelanak saltzea da helburu nagusia: "Ez dugu apenas ezer saltzen baina azoka garrantzitsua da guretzat urtean zehar egiten dugun lana erakusteko. Gehienok ez ditugu prezioak jartzen koadroetan; inork koadroren bat erosi nahiko balu jar dadila gurekin harremanetan. Akrilikoa, olio eta akuarela teknikak erabiltzen ditugu eta margolari bakoitzak erabakitzen du zer ekarri azokara. Ezer gutxi salduta ere parranda egingo dugu, gure arteko harremanak sendotzeko ere baliatzen dugu-eta eguna", dio Zubiak.
Taldeko presidente Juan Carlos Stegmeierrek gaurkoa moduko egunen garrantzia azpimarratu du: "Gure lanak erakusteko eguna izaten da eta baita elkar hobeto ezagutzeko ere. Lokalean egoten gara baina bazkariaren bueltan asko gozatzen dugu; gaurkoa moduko egun baten ostean elkar gehiago maitatzen gara [barreak]".
Gustura Kulturolan
24 bazkide dira egun Arrasate Margo Taldean eta, Stegmeierren arabera, sei lagun daude itxaron zerrendan. Bestalde, Zubiak dioenez, gustura daude Kulturolako lokal berrian baina egoitza berriak badu zer hobetu: "Argi gehiago izatea eskertuko genuke baina bestela oso gustura gaude lokal berrian, izugarria da".