Kataideko bidegorri berria inauguratu dute

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 26a, 12:07

Kataide poligonotik San Prudentzioranzko bidegorri zati berriaren aurkezpena egin dute. Ander Iturri Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendariak, Ander Garay eta Victor Fuentes Arrasateko Udaleko zinegotziek hartu dute parte ekitaldian.

690 metro dituen trazatua gaur goizean inauguratu dute, eta dagoeneko erabilgarri dago erabiltzaileentzat. Ander Iturri Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendaria pozik agertu da egin den lanarekin. Era berean, balioa eman dio Debagoienean egin den bizikleta bidezko eta oinezko mugikortasunaren aldeko apustuari. Bere hitzetan, "egoera soziosanitarioen ondoriozko erabilera berrietara egokitutako mugikortasun ziklistako azpiegiturak ere sustatzen ditugu".

Ander Garay zinegotziak adierazi du helburu nagusia dela "ibilgailuek duten inpaktua murriztea eta mugikortasun-aukera berriak sustatzea". Mugitzeko bizikleta aukeratzen duten herritarren mugikortasun seguruaren alde egin du, Arrasaten egin diren beste proiektuei keinu eginez; tartean, ekobulebarra, Leintzibar-Foruen etorbideko bidegorria edo Araba etorbidea.

Victor Fuentes zinegotzia ere pozik agertu da bidegorriaren proiektua errealitate bihurtu delako eta aspalditik bizilagunak egiten ari diren eskaera bati erantzuten diolako. Bere hitzetan, "Kataideren kasuan, lagunduko du trazatu hau modu seguruan erabiltzen eta bizikleta garraiobide bideragarri eta seguru gisa sustatzen".

2019an lotu zuten akordioa Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Kataideko bidegorria egiteko. 2020an ziren hastekoak lanekin, baina zenbait arazo administratiboren ondorioz eta pandemia tarteko, 2022ko otsailean ekin zituzten. Zorua egokitu eta zabaldu, espaloiak nahiz zintarriak konpondu eta seinaleztapena zein argitasuna hobetu dituzte, 300.000 eurotik gorako inbertsioarekin. Finantziazioaren %100 Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du bere gain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak