Bide azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Imanol Pradalesek Kanpazar gainean egindako agerraldian eman dute lankidetza hitzarmenaren berri, eta hitzarmen horren bidez bi lurraldeak lotzen dituen bide horri segurtasun eta erosotasun handiagoa eman nahi diote. Beasain-Durango korridorearen aspaldiko planteamenduari jarraipen bat emango lioke esku-hartze berri horrek.
Horrez gain, bi diputatuek Kanpazar mendatean egindako hobekuntza lanak aipatu dituzte; tartean, adibidez, Bizkaiko aldetik egiten ari diren hirugarren erreiko lanak; Pradalesek adierazi du espero dutela ekainerako amaituta egotea hirugarren erreia jartzeko bigarren tarte hori.
7.700 ibilgailu egunero
Bi diputatuek aditzera eman dutenez, 14 kilometroko errepide tarte horretan, lanegunetan, bataz beste, 7.700 ibilgailu inguru pasatzen dira, eta horietatik %19 ibilgailu astunek osatzen dute. Bizkaiko tarterako bidesaria aurreikusten dute; Gipuzkoak, berriz, ez du bidesaririk aurreikusten momentuz.
Bizkaiko Interbiak sozietate publikoak lizitatuko du azterlana, eta erdibana finantzatuko da proiektua Interbiak-en eta Bidegiren artean. Azterlanerako proiektuak 180.000 euroko aurrekontua du, eta gehienez 24 hilabete iraungo du.