3.339 liztor beltz erregina harrapatu dituzte Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 24a, 14:16

Apiril hasierako elurtea tarteko, astebete atzeratu dute kanpaina, eta maiatzaren lehen astean kendu dituzte herrian zehar sakabanatuta jarritako 44 tranpak. Udalak jarritako tranpa horietan 2.139 liztor beltz erregina harrapatu dituzte eta modu boluntarioan herritarrek jarritako tranpetan, berriz, 1.200. Beraz, guztira 3.339 izan dira kanpainan harrapatu dituztenak.

Hiru tranpa mota jarri dituzte. Batetik, betidanik jarri izan duten plater borobila. "Hau oso eraginkorra izan arren zoritxarrez ez da batere selektiboa, mota guztietako intsektuak sartzen baitira", azaldu du Xabier Herrarte udal teknikariak.

Bigarrena, lehenengoaren moldaketa bat da, "ahal den neurrian selektibo bihurtzeko helburuz". Hirugarrena, botila formako tranpa berria da, iaz merkaturatu eta frogatzen hasi zirena. "Azken tranpa hau iaz beste tranpekin nahastuta jarri zen eta ezin izan genuen bere eraginkortasuna bereizita frogatu, eta hortaz, ez genituen ondorio baikorrik atera", nabarmendu du Herrartek.

Aurten, ordea, puntu bakoitzean tranpa mota bakarra jarri dutela azaldu du eta jaso dituzten datuak "erabat" bermatzen dutela botilaren eraginkortasuna, "bai harrapaketari dagokionean, eta baita selektibotasunari dagokionean ere". Besteak ez bezala, dioenez, horietan liztor beltzak baino ez dira gelditzen, "sartzen diren gainontzeko intsektuak irteteko aukera baitaukate".

Habiak kentzen hasiak dira

Dagoeneko lehenengo liztor kabi txikiak kentzen hasita daude, eta hemendik aurrera, "handitzen eta nabarmentzen" hasiko dira liztorrak egiten dituzten lehen mailako habiak. "Etxeetako teilatu-hegal, garaje, txabola eta antzeko teilatupeak izaten dituzte gustukoen habiak egiteko. Gerora, lehen mailako habiak garatutakoan, zuhaitzetara joango dira bigarren mailako habiak egitera", dio Herrartek.

Gaineratu duenez, zenbat eta beranduago, orduan eta habia eta liztor kopurua handiagoa izango da eta kentzeko zailtasuna "areagotu" egingo da, "bere tamainaren ondorioz eta baita dauden tokira iristeko zailtasunagatik ere". Udazkena aurrera joan ahala, deuseztatzearen eraginkortasuna ere galdu egingo dela dio, kontuan izanik erregina berriak iraila eta urrian jaioko direla, eta hauek izango direla negua pasatu eta hurrengo urtean udaberrian irtengo duten habia berrien sortzaileak. "Beraz, garai horretatik aurrera liztor koloniek euren helburua beteta izango dute, erregina berrien jaiotzarekin batera beraien ugalketa eta biziraupena bermatzea".

Herritarrei laguntza eskaera

Hori hala izanik, herritarren parte-hartzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu du udal teknikariak, "espezie inbaditzaile honen ugalketa kontrolatzeko". Hortaz, habia berriak ikusten direnean, lehenbailehen jakinaraztea eskatu du, honako bide hauek erabiliz:

Harremanetarako kontaktuak:

  • BAZ ……………………….……...943 25 20 00
  • UDALTZAINGOA……………..943 25 20 10
  • UDAL TEKNIKARIA…………..628 11 56 73

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak