Gainean dira aire libreko hitzordu handiak, eta Malen Ruiz de Azua (Arrasate, 1995) gogor dabil udako sasoia prestatzen. Gaur, egubakoitza, izango du hitzordu handietako bat, 2018az geroztik antolatzen ez zuten nazioarteko Iberoamericano txapelketan Espainiako federazioarekin egoteko aukeratua izan da arrasatearra. Duela lau urte Peruk hartu zuen txapelketa hori antolatzeko ardura, eta egunotan La Nucian –Alacanten– batuko dira nazioarteko atleta onentsuenak. Arrasatekoak garbi dauka zein den helburua. "Marka egin nahi dut. Neguan ez ditut nahi nituen emaitzak lortu eta aire libreko denboraldian nahi dut hori zuzendu", adierazi dio arrasatearrak GOIENAri, aste barruan egindako entrenamendu saioan.
Eta halaxe da, 2022 honek ez du, oraingoz, iazko urtearekin zerikusirik. Iaz 4,47ko marka egin zuen neguan –marka pertsonala– eta gainera, Polonian jokatutako Nazioen Txapelketan zilarra jantzi zuen. Udan, berriz, Espainiako txapeldun izan zen Madrilen (4,43).
Aurten, berriz, entrenamenduetan egindako lana ezin izan du txapelketa handietan erakutsi. Arrasatekoak 4,31-ko saltoa egin zuen apirilaren 30ean, Andujarren egindako Iberdrola txapelketan. Eta marka hori gainditu nahi du, pista estalian ere 4,30eko egin zuelako. "4,40ko saltoa egitea sinatuko nuke, gutxiagorekin ez nintzateke konformatuko, marka horrekin podiumaren bueltan ibiliko nintzateke, aurtengo marka egingo nuke eta puntu dezenterekin itzuliko nintzateke. Hala, La Nuciako pistan behin bakarrik lehiatu naiz, eta ez nuen emaitza nabarmenik lortu baina sentsazio onak izan nituen, ea zer moduzko txapelketa egiten dudan".
Puntuak daude jokoan
Iberoamericanon, baina, marka ona egitea ez da helburu bakarra: "Iaz nazioarteko txapelketetara sailkatzeko sistema aldatu egin zuten, bai Europako txapelketara joateko, Mundialera, Olinpiar Jokoetara... Hala, aukera bat da gutxieneko marka egitea, baina hori gutxi batzuek lortzen dute, eta bigarren aukera da txapelketetan ahalik eta puntu gehien batzea. Eta, Iberoamericanon eta Espainiako txapelketan –San Joanetan izango du hitzordu hori– puntu mordoa egongo dira jokoan. Aurreratu moduan, emakume pertika-jauzilariek gaur, egubakoitza, dute hitzordua (19:00), eta txapelketa Teledeporten jarraitu ahal izango da.