Arrasate Blues jaialdiaren laugarren aldia orain arteko handiena izango da

Hasier Larrea 2022ko mai. 18a, 14:52

Zazpi eguneko egitaraua ohi baino lehenago hasiko da aurten, ekainaren 11n, eta uztaileko sei egunetan zehar izango du jarraipena. Tokiko taldeek eta emakumeek presentzia handia izango dute beste behin. Ibai-arteko antolatzaileek aurreratu dute uztailaren 14an Arrasate Musikaleko hiru irakasle historiko omenduko dituztela.

17 musika-taldek parte hartuko dute guztira, Arrasateko bederatzi txokotan. Laugarren aldi honek izango du berrikuntzarik, uztailaren 15ean eta 16an antolatuko duten Blues bazkariak, esaterako: Uxarte jatetxean –Udala auzoa– eta Hotel Mondragon jatetxean egingo dute kontzertu bana, otorduekin batera.

Iaz Jesusi Etxebarria musika irakaslea omendu zuen bezala, aurten Mertxe Madinabeitia, Miren Gastañares eta Maria Pilar Etxebesteri egingo die aitortza Arrasate Blues jaialdiak: "Hirurek parte hartu zuten Arrasate Musikalen hastapeneko klaustroan, eta euren bizitza profesionala arrasatear askori musika irakastera bideratu zuten", adierazi du Jon Apraizek, Ibai-arte merkataritza elkarteko kideak.

Aitortza jasoko duten hiru irakasleetako bi, gaurko aurkezpenean.

Programazioa zabaltzearen alde

Uztailaren 14tik 17ra luzatuko da egitarauaren zatirik mardulena, baina "aurrerapen txiki batzuk" egingo dituzte, ekainaren 11n, eta uztailaren 2an eta 10ean, "publikoak blues programazio zabalaz goza dezan". Modu horretan, Arrasateko kaleei bizitasuna eman nahi diete, proposamen kultural eta gastronomikoa erdigunean jarriz.

Ekainaren 11tik aurrera 1870 garagardoa, jaialdiko edari ofiziala, taberna kolaboratzaileetan dastatu ahalko da –ikus kartelaren azpialdeko babesleak–. Bestalde, Ternua markak polo berri bat diseinatuko du, Arrasate Blues logoarekin, blues erritmoei ongietorria emateko.

Jaialdiko botila-irekigailuak.

Bailarako ordezkaritzaren presentzia

Kartelean izen berriak egongo dira, Bergarako Diablues eta Bluezifer, esaterako, zeintzuk erakutsiko duten, "Missisipiko ertzetan bezala, Debagoienan ere blues ona konposatzen dela". Gainera, Arrasaterekin lotura estua duen Itziar Yague abeslariak berriz zapalduko du Herriko Plazako oholtza, bere ohiko laukoteaz eta Greg Izor-en laguntzaz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak