Aurrekontuaren gerakina onartzeaz gain, "udaltzainen inguruko txosten faltak" haserrea eragin du oposizioan

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 10a, 21:09

Azken hilabeteetako osoko bilkurarik motzena izan da maiatzekoa, baina hainbat gai jorratu dituzte, besteak beste, 2021eko udal aurrekontuaren soberakinaren banaketa. EH Bilduk, ordea, aurka bozkatu du, Gobernuari leporatuta parte hartzeko aukerarik eman ez izana. Bestalde, aste honetan zendu den Josebe Landaluzeren aldeko minutuko isilunea ere egin dute, eta udaltzainen inguruko puntuak haserrea eragin du oposizioan.

Minutuko isilunearen ondoren, udaltzainen eta lehen udaltzainen lanpostuaren balorazioa bozkatzeko unea iritsi da, eta EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek hartu du berba lehenik, eta udaltzainen inguruko bi sententzia aipatu ditu. "Balorazioa baino lehen, gai jakin batzuen inguruan txosten tekniko bat eskatu izan dugu behin eta berriz. Bi sententzia daude eta gai horien inguruan idazkariak eta kontu-hartzaileak egindako txosten tekniko bat eduki arte, ezin dugu bozkatu udaltzainen lanpostuen balorazio positiboa", azaldu du.

Protesta gisa, gainera, osoko bilkuratik irten egin dira EH Bilduko zortzi zinegotziak, eta ez dute puntua bozkatu. "Gauza asko argitu behar dira eta Udal Gobernuak ez du ezer esan gaur".

Udal Gobernuko bozeramaile Anuska Ezkurrak adierazi du, 2021eko abenduan hasita, negoziazio mahaian onartuta eta adostutako gaia dela. "Akta onartuak bidaltzen zaizkio oposizioari eta jakitun dira prozesu guztia nola egin den. Beste gai bat da balorazio hau ez dela bakarra. Beste 27 banakako balorazio ditugu eta etorriko dira osoko bilkurara horiek ere".

Horrez gain, nabarmendu du, osoko bilkurara eraman den puntuari dagokion txostena badagoela espedientean, eta zera gaineratu du: "Sententzia horien inguruko txosten juridikoa lantzen ari dira eta lantzen denean helaraziko zaizue, baina gaurko gaia ez da hori".

Podemos Arrasatek ere aurka bozkatu du. "Oposizioak txosten hori eskatu du eta oraindik ez du esku artean", adierazi du Eva Abuin bozeramaileak.

Gerakinaren banaketa ere, onartuta

2021eko udal aurrekontuaren soberakinaren banaketa ere onartuta geratu da, baina EH Bilduk aurka bozkatu du. "Ogasun batzordean azaldu zaigu, baina ez dugu parte hartzerik izan soberakinaren banaketan. Zergatik ez diguzue utzi parte hartzen?", azaldu du Morrasek.

Maria Ubarretxenak azpimarratu du batzordean azaldu zitzaiola oposizioari Udal Gobernuaren proposamena eta gaineratu du batzorde horretan ez zutela proposamenik jaso.

Garraio publikoaren aldeko mozioa

Bestalde, EAJren abstentzioarekin, onartuta geratu da EH Bilduk eta PSE-EEk agintaldi honetan lehenengoz elkarrekin aurkeztu duten mozioa, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, hurrengo tarifak berritzeko unean neurri batzuk har ditzala eskatzen duena. Victoriano Fuentes sozialisten bozeramaileak garraio publiko eraginkor baten aldeko defentsa egin du eta gaineratu du, "bizitza garestitzen ari den honetan",  herritar guztiek dutela askatasunez mugitzeko eskubidea.

Morrasek, bestalde, azaldu du garraio publikoa geroz eta gehiago erabili, orduan eta sare indartsuagoa izango dela eta hori izan behar dela bidea. Halaber, "pozik" azaldu da lehen aldiz sozialistekin adostasun batera iritsi izanagatik.

Podemos Arrasate, ordea, abstenitu egin da, herribusaren "egoera prekarioa" ikusarazteko. "Hainbat gidari eta erabiltzailek esan didate autobusetako arrapalak, bik izan ezik, ez dutela funtzionatzen", dio Abuinek.

Auzo-alkatetzetan aldaketak

Horrez gain, bi auzo-alkatetzetan egondako aldaketen berri eman dute. Batetik, Garagartzako diruzain berria Aitzol Axpe da eta idazkaria, berriz, Mikel Zabaleta. Bestetik, Matilde Delgado sozialista da Santa Marinako auzo-alkate berria, Jose Luis Fernandezek karguari uko egin ostean.

Osiñako biribilgunea berbagai

Galdera-erantzunen tartean, Abuinek Osiñako biribilgunea aipatu du. "Egunero puskatzen dira teilak. Hiruzpalau aldiz konpondu behar izan dute dagoeneko. Ez al diozue Aldundiari erantzukizunik eskatu behar?", galdetu dio Gobernuari.

Ezkurrak erantzun dio azalpenak "behar den lekuan" eskatzeko, Aldundiari erreferentzia eginez, eta gaineratu du, ofizialki, ez dutela hondaketen konstantziarik jaso. "Langileak ikusi ditugu astero lanean. Zuek ere ikusiko duzue ze egoeratan dagoen biribilgunea", gehitu du EH Bilduko Kepa Urteagak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak