Gerakinetik eratorritako 3,3 milioi euro gehituko zaizkio udal aurrekontuari

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mai. 10a, 19:47

Ander Garay, Maria Ubarretxena eta Victoriano Fuentes, Arrasateko plazan.

Arrasateko Udalak 5.700.000 euroko gerakina izan zuen 2021ean. Horietatik 3.328.000 euro txertatuko ditu Gobernuak 2022ko udal aurrekontuan, osoko bilkuran hala onartu ostean. Gainontzeko 2.400.000 euroak gordetzea erabaki du Gobernuak. "Ziurgabetasun handiko egoera bizi dugu eta zuhurtziaz jokatu gura dugu, urte bukaera bitartean egon daitezkeen ezustekoei aurre egiteko", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. 

2021eko bilakaera ekonomikoa "aurreikusitakoa baino askoz hobea" izan da, Ander Garay Ogasun zinegotziaren esanetan, eta horrek ahalbidetu du gerakina handia izatea. "Batetik, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik 2,5 milioi euro gehiago jasoko ditugu. Bestalde, obren zergatik ere aurreikusitakoa baino askoz gehiago jaso dugu, ia bikoitza. Azkenik, hainbat proiektutarako jaso ditugun dirulaguntzak handiak izan dira", dio. 

Hala ere, gerakin horretako zati bat gorde egingo du Gobernuak, beharra eduki ezkero, erabili ahal izateko. "Azken hilabetean, esaterako, gasera eta elektrizitatera ia milioi erdi euro gehiago bideratu behar izan ditugu. Ukrainako gerraren ondorioak pairatzen ari gara eta zuhurrak izatea gura dugu beste behin ere".

Alkateak zehaztu du, urte bukaeran ez badago gordetako 2.400.000 euro horiek erabiltzeko beharrik, kirol azpiegituren mapara bideratuko lukeela Gobernuak diru kopuru hori. "Ekain hasieran aurkeztuko ditugu prozesu parte-hartzailean ateratako ondorioak eta plana azaltzeko". 

Hori horrela, 2022ko aurrekontua 41.064.997,49 eurokoa izatera pasa da (37.737.291,17 euroko aurrekontua onartu zuten abenduko osoko bilkuran).

Partida handiena, Etxe Txikien urbanizaziora

Gerakinetik eratorritako partida handiena Etxe Txikien urbanizaziora bideratuko du Udal Gobernuak: 500.000 euro. Bestelako urbanizazio lanei erreparatuta, Zalduspeko urbanizazioarekin jarraitzeko 120.000 euro erabiliko ditu. Era berean, behin Jose Luis Iñarra kaleko prozesu parte-hartzailea bukatu, auzotarrek erabakitako proiektua idaztea falta da orain. Lehenagotik 40.000 euroko partida zegoen aurreikusita eta soberakinetik beste 50.000 euro bideratuko ditu Gobernuak proiektua idaztera. 

Horrez gain, 450.000 euro erabiliko ditu Gobernuak elektrizitatearen prezioaren igoerari aurre egiteko, gasa ordaintzera beste 50.000 euro, eta Mankomunitatera, 419.000 euro.

Kirol saileko inbertsioetarako 150.000 gehiago egongo dira aurten (220.000 euro zeuden lehendik). Zati handiena errugbi zelaiko belar artifiziala aldatzeko erabiliko da. 340.000 inguruko inbertsioa izango da eta uda aprobetxatuko dute lan horiek egiteko. Garayren esanetan, zelaia bakarrik aldatuko dute. "Atletismoko pista datorren urtean aldatuko dugu".

Bestalde, orain arte geldirik egon diren beste hainbat ekintza berriro ere martxan jartzen ari dira, eta horietara 103.000 euro joango dira soberakinetik. Hala, SUDC elkarteak antolatzen duen erretiratuen bazkarirako 25.000 bideratuko dira gerakinetik. Halaber, Ibai-artek antolatzen duen Arrasate Blues jaialdia antolatzeko 12.000 euro gehiago egongo dira aurten (24.000 euro guztira). Bestelako ekintza kulturaletarako 40.000 euroko partida gehigarri bat bideratuko du Gobernuak, aurten guztira 390.000 euro bideratuz.

Aurrekontu parte-hartzaileei dagokienez, 261.000 eurotan handitzen da partida. 239.000 euro zeuden hasieran eta orain 500.000 euro egongo dira aukeratutako proiektuak gauzatzeko.

Garibaiko eguneko zentro berriko ekipamenduetara 20.000 euro gehiago bideratuko ditu Gobernuak eta, EH Bildurekin lortutako akordioa dela eta, Etxezarretako lorategia atontzeko 6.000 euro gehiago egongo dira (lehendik 15.000 euro zeuden aurreikusita).

Garagartza auzoko fibrozementua kentzeko, halaber 140.000 euro gehituko ditu Gobernu taldeak (guztira 490.000 euro). "Lizitazio prozesurako pleguak prestatzen ari gara dagoeneko", azaldu du Victoriano Fuentes Obra, Zerbitzu, Mantenu eta Auzoetako zinegotzi sozialistak.

Ur-kontagailuak digitalizatuko dituzte

Fuentesek nabarmendu duenez, ur-kontagailuak berritzeko inbertsio bat ere egingo dute. "Legearen arabera, hamabi urtetik behin aldatu behar izaten dira eta kontaketa modu elektronikoan egin ahal izateko aldaketa egingo dugu oraingoan". 215.000 euro bideratuko ditu Gobernuak horretara.

Ogasun zinegotziak gaineratu du datozen bost urteetan bideratuko dela partida hori kontagailuak aldatzera. "Ur-kontaketa digitalizatzea da helburua. Trantsizio energetikoaren baitan, beste pauso bat emango dugu horrela eta honekin beste azkartasun bat lortuko dugu, esaterako, ur-ihesak dauden kasuetan, unean bertan detektatzeko eta epe motzean moztu ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak