Hurrengo hitzordua maiatzaren 18rako programatu dute Kulturaten, 17:30ean. Osakidetzako erizaina den Maite Urzain gonbidatu dute Bizitzako galerak izena jarri dioten hitzaldian azalpenak emateko.
Iraila bukaeran adineko pertsonen astea antolatuko dutela iragarri dute, iazko esperientzia eta balorazio positiboa lagun. Gainera, Arrasateko Udalari 60 urtetik gorakoen bizi-kalitatea hobetzeko proposamen ugari egin dizkiote. Kalean desfibriladoreak jartzea da horietako bat. Udalaren oniritziarekin, espero dute instalakuntzak udazkenerako prest egotea. Egin duten beste eskaera bat Nagusiei zuzendutako arreta zerbitzu bat jartzea da. Gaur egun Biztanleen Arreta Zerbitzura joan ohi dira, baina diotenez, teknologia berriekin trebatzen laguntzeko "bulego espezializatuagoa" behar dute.
2019ko azaroan sortua
Aurten hiru urte beteko ditu Arrasateko Nagusien Kontseiluak. Elkartea sasoitsu dagoela diote, programatzen dituzten ekintzek erantzun ona jasotzen dutelako herritarren partetik. Adinekoek gizarteari egin diezaioketen ekarpena handia eta baliagarria izan daitekeela sinisten dute.