Txatxilipurdiren eskutik, bueltan datoz udalekuak

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko api. 12a, 12:58

Arrasateko eta Euskal Herriko aurre-nerabe eta nerabeei uda "magiko eta ahaztezina" eskaintzeko helburuarekin, 2022ko udalekuak aurkeztu ditu Txatxilipurdik, itxiak zein irekiak. Uztailean egingo dituzte eta apirilaren 25etik aurrera eman ahalko da izena.

"Euskaraz, naturaz, sormenaz, bizikidetzaz, elkartasunaz eta talde-lanaz bustitako oporraldi paregabeak" eskainiko ditu aurtengo udan Txatxilipurdik, udaleku irekien eta itxien bitartez.

Udaleku irekiak 2 eta 12 urteko haurrei zuzenduta daude eta hiru astez gauzatuko dituzte, uztailaren 4tik 22ra. "Arrasateko kaleak eta naturaguneak hartuta, giro atseginean, egun-pasak, mendi bueltak, ur-jolasak eta abar izango dituen eskaintza dibertigarri eta dinamikoa sortuko dugu", diote antolatzaileek.

Arrasateko hiru auzotan egingo dituzte, eta, adinaren arabera, hiru taldetan banatuko dituzte haurrak: lehena Bilin Bolonka izango da, 2016-2019 urte artean jaiotakoentzat – izen-ematea 103 euro–; bigarren taldea, Bihurrikeixetan, 2013-2015 urte artean jaiotakoentzat izango da –goizez 126 euro eta goiz eta arratsaldez 149 euro–; hirugarren taldea, azkenik, Erokeixetan izango da, 2010-2012 urte artean jaiotakoentzat –149 euro– . Era berean, hainbat deskontu ere egongo dira: AEDko bazkide izateagatik, %5ekoa; familia ugarikoa izateagatik, %5ekoa; eta biak izateagatik, %10ekoa.

Itxiak, uztailaren 2tik 9ra

Udaleku itxiak, bestalde, Garaion Sorgingunean egingo dituzte (Ozeta, Araba), uztailaren 2tik 9ra. Adinaren arabera, hiru talde egingo dituzte eta talde bakoitzak herrixka propioa izango du Sorgingunean: Aizkomendi herrixkan 2010, 2011 eta 2012. urteetan jaiotakoak egongo dira; Gebaran, 2008an eta 2009an jaiotakoak: eta Orginetxen, 2006an eta 2007an jaiotakoak. Izen-ematea 330 euro da guztietan eta udaleku irekietako deskontu berberak aplikatu dira. Era berean, 25 plaza egongo dira talde bakoitzean. "Elkar zaintza izango da ardatz garrantzitsuetako bat eta udalekuetan parte hartuko dugun kideon hitza kontuan izanik adostuko dira ekintzak".

Izena emateko hainbat bide

Izena emateko epea apirilaren 25ean irekiko dute eta maiatzaren 20ra arte egongo da horretarako aukera, aurrez aurre eta online. Honako hauek dira bideak: Txatxilipurdi.eus webgunean; zabalduko duten QR kode baten bitartez; bulegoan –Nafarroa etorbidea 23, 1. solairua–, astelehenetik eguenera, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara; eta telefonoz, 943 79 54 46 zenbakira deituta.

Hezitzaileak behar dituzte

Hezitzaileen eta praktikagileen zerrenda bat osatu nahi du Txatxilipurdik. "Beraz, urtero egin izan dugun bezala, aurten ere, haurrekin eta gaztetxoekin lan egiteko gogoa izanez gero, curriculuma bidali beharko da apirilaren 25etik maiatzaren 6ra bitarte", adierazi dute elkartetik.

Halaber, udalekuetan hezitzaile aritu ahal izateko eta praktikak egin ahal izateko, hezitzaileen formakuntzarako saio berezi bat antolatuko dute eta derrigorrezkoa izango da joatea. Maiatzaren 28an egingo dute saio hori, egun osoz. Izena eman ahal izateko, hainbat baldintza bete behar dira: 18 urte edo gehiago izatea, euskara jakitea, aipaturiko formakuntza saiora joatea eta Arrasatekoa edo Debagoienekoa izatea.

Modu berean, hainbat irizpide ere hartuko dituzte kontuan aukeraketa egiterakoan: begirale titulua izatea –praktikagileen kasuan, praktikak egitea litzateke–, ikasketak, esperientzia eta lanerako prestutasuna.

Interesa duenak curriculuma, begirale edo zuzendari tituluen kopiak eta hezitzaileen fitxa beteta –atxikita– bidali beharko ditu bi helbide hauetakoren batera: a.osoro@txatxilipurdi.eus edo i.gallastegi@txatxilipurdi.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak