Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Biomedikoko graduko hirugarren promozioko ikaslea da Andoni Izagirre (Arrasate, 1994). 2020an teknologia biomedikoen bi urteko masterra hasi zuenean gauza bat, behintzat, argi zeukan: atzerrian garatu nahi zuela proiektua. Aix-en-Provence hiriko unibertsitatearen eskaintzaren berri jakitean, maletak egin eta han azaldu zen joan den irailean.
Zer dela-eta jo duzu biomedikuntza alorra ikastera?
Betidanik zientzia arloan lan egiteko gogoa izan dut. Gorabehera askoren ostean, Arrasaten biomedikuntza ikastea erabaki nuen. Interesgarria iruditu zitzaidan, zerbait berria Euskal Herrian, eta oso zabala. Labur esateko, medizinari aplikatutako ingeniaritza bat da. Protesiak egin, ospitaleak kudeatu, ebakuntzak egiteko erremintak sortu, erresonantzia-makinak erabili... Ikasketetan halako kontuak lantzen dira. Etorkizunera begira, erakargarria iruditzen zait. Biologia da gehien gustatzen zaidan zientziaren adarra, eta halaxe iritsi naiz honaino.
"Oraindik ez da aztertu zelulek zer-nolako kolpeak jaso behar dituzten kalte txarrak izateko"
Buruko zelulak ikertzen dituzu orain.
Diseinuan eta biomekanikan aritzen zen norbaiten bila ari ziren Aix-en-Provenceko unibertsitatean, eta proiektuaren azalpenak bidali zizkidaten. Zelula neuronalak frogatzeko dispositibo berri bat sortzean eta diseinatzean zetzan. Interesgarria iruditu zitzaidan eta baietz erantzun nien.
Ze ekarpen egin diozu gailuari?
Lehendik bazegoen pentsatuta zein izango zen gailuaren oinarrizko diseinua. Nik egin dudana da aurrekari batzuk hartuta diseinu hori birdefinitu, hobetu eta fabrikatu. Kontuan hartu behar da gero gailu hori zelulekin erabili behar duzula; alegia, baliagarria izan behar duela helburuak lortzeko. Jorratu nahi nituen arloak hasieratik jorratu ditut.
Zein elementu dauzka gailuak?
3D inprimagailuarekin egindako elementuak eta mekanizazio normala konbinatu ditugu. 3D teknikak kostuak merkatzen eta denbora aurrezten lagundu digu, eta kupula formako beheko bumper edo badena egiteko erabili dugu. Gailuaren goialdean karratu formako xafla bat doa; bertan kokatzen ditugu zelulak. Xafla hori zutabe bati lotuta dago, eta askatzean bumper-era erortzen da. Inpaktu bat gertatzen da orduan, zuzenean zeluletara transmititzen dena. Xafla hainbat altueratan jar dezakegu, askotariko abiadurak lortzeko. Horrela, erantzun desberdinak lortzen ditugu. Bumper-a, materialaren arabera, malguagoa edo gogorragoa izango da; hortaz, erantzuna ere desberdina: gehiago errebota dezakete zelulek, edo sakonago sartu bumper-ean. Guztira, lau bumper eta bost altuera ditugu. Horri gehitu behar zaio zelula-kultibo ugari erabiliko ditugula. Horrenbestez, espero dugu datozen lau hilabeteetan, gutxienez, 700 esperimentu desberdin egitea. Denboraz justu ibiliko gara: egunean bost esperimentu egitea aurreikusi dugu, astebete beharko dugu zelula kultiboak prestatzeko, eta beste astebete erantzunak ikusteko... Ea nola joaten den guztia.
Datorren astean hasiko zarete esperimentuekin, ezta?
Hori da asmoa. Gailua fase esperimentalean probatu genuen. Horri buruzko artikulu zientifikoa ere idatzi dut, eta datorren hilean argitaratuko da. Makina, beraz, balidatuta dago, funtzionatzen du. Azelerometro bat dauka instalatuta, abiadura maximoa eta inpaktu- denbora kalkulatzeko. Marseillan, Timoneko ospitale unibertsitarioan, egingo ditugu orain proba errealak. Astean bizpahiru aldiz joango naiz ospitalera esperimentuak egitera. Santiago Rivera izeneko biologo batekin egingo dut lan, eta ospitaleko biologo talde baten laguntza ere izango dut. Baina erantzukizun handiena nik daukat. Interesgarria da hori, gero eta ardura gehiago hartzen ari naizelako. Esperimentuak egin ostean, uztail aldean, dena ondo bidean, jasotako informazio guztiarekin datu-base handi bat sortuko dugu, analisi estatistikoak egiteko.
"Errugbilariek, esaterako, buruko gaixotasun gehiago garatzen dituzte epe luzera"
Zelulek jasotzen duten inpaktua nola jakiten duzue?
Aurrekari asko daude, 40ko hamarkadan ere antzeko esperimentuak egiten baitzituzten. Orduan, in vivo metodoa zerabilten; hau da, bizirik zeuden animaliekin aritzen ziren. Nire metodoa in vitro da, ingurune kontrolatuan egiten dena. Hau guztiau Traumatic Brain Injury azterketa eremuarekin dago lotuta. Zertan datzan? Ba, burmuineko zelulek kolpea jasotzean, deformazioak edo erantzun mekanikoak sortzen dira. Neuronak zelula buztandunak dira; kolpearen ondorioz, buztana puztu eta lehertu egin daiteke. Edo burbuila batzuk agertu. Edo kolpea jasan eta lau ordura proteina batzuk sor daitezke, gero eta gehiago. Proteina horien gehiegizko produkzioa egon bada, hil egin daitezke zelulak. Orain arte ez da sistematikoki aztertu zenbaterainoko kolpea jaso behar duten eragina benetan txarra izateko.
Hain justu, horixe bera aztertu nahi duzu.
Auto istripu bat izanda edo harri batek buruan jota, ospitalera zoazenean jada berandu da. Hori grabea da; agian, hil egingo zara, ados. Baina errugbilariek, boxeolariek, futbol amerikarreko jokalariek... egunero kolpeak jasotzen dituzte buruan. Ez dira hain larriak, baina buruan baliteke zelulak proteinak sortzen ibiltzea, eta pixkanaka hiltzea. Halako kolpeei buruzko datuak ez daude: errugbian jokatu eta zorabioak izaten badituzu, agian, ez diote garrantzirik ematen. Baina izan dezake garrantzia; izan ere, ikusi da kirolari horiek epe luzera joera handiagoa dutela dementzia, alzheimerra eta halako buruko gaixotasunak garatzeko.
Gabezia bat dago, beraz.
Badaude estudio batzuk kolpe txikiak eta handiak jasandako pertsonen ospitaleratzeei buruzkoak. Kolpe txikiak 75 urte ingurukoekin zeuden lotuta, eta handiak, auto istripuekin lotutakoak eta abar, batez beste 42 urteko pertsonekin. 20.000 pertsona aztertu zituzten; horietatik 8.000k jasan zituzten kolpe txikiak eta 12.000k kolpe handiak. Ba, ikusi zuten horien artean hiltze-tasa antzekoa zela. Zein zen arazoa? Ospitaleratzean ez zietela hainbesteko garrantzirik ematen kolpe txikia jasotakoei; zehazki, kolpe handia zutenei baino %50 gutxiago. Eta berdin-berdin hiltzen ziren. Harrigarria da, eta ondoriozta daiteke gabezia bat dagoela hor. Buruan kolpe txiki bat izan baduzu eta zorabiatu egin bazara, etxera zoaz eta listo. Baina baliteke aste batzuetara dementzia bat garatzea. Kolpe txiki horien garrantzia ez dago kontrolatuta, ez dago emaitzarik. Behar handia dago prebentzio eta diagnostiko estudioak sortzeko.
Horixe bera bilatzen du garatzen ari zaren proiektuak.
Nire proiektua prebenitzeko gailu bat sortzean datza. Azelerometro horrekin indarrak eta kontaktu denborak neurtzen ditugu, biomarkatzaileekin horien arteko lotura sortzeko. Guk zelulei indar bat ematen badiegu, nolako efektua sortzen dute zeluletan? Galdera horri erantzun behar diogu. Ahalik eta datu- base handiena sortu, lotura horiek egiteko. Halako ikerketa oso gutxi egin dira, eta komeni da gero eta gehiago egitea, zenbaki horiek zientifikoki frogatzeko.
Bizirik dauden zelula horiek pertsonenak dira?
Ez, laborategiko saguenak. Ezin dugu gizakien zelula biziekin jardun, hori gai moral eztabaidagarria da. Eta hildako zelulek ere ez digute balio. Guri inporta zaiguna da zelularen jarrera, ea hiltzen den edo onera etortzen den. Hori kontuan izanik, gizakien eta animalien biomarkatzaileak oso-oso antzekoak dira. Alzheimerraren eta dementziaren kasuan, bestetik, gaixotasunaren faktoreak berdinak dira animalia edo gizaki batean.
Beraz, egongo dira faktore batzuk ezingo dituzuenak kontrolatu; adinarena, esaterako.
Badaude faktore batzuk kontrolaezinak direnak, eta adinarena da horietako bat. Saguen bizitza ez da oso luzea; beraz, ausartegia litzateke saguen adinen araberako emaitzak gizakienekin alderatzea. Leheneratu den zelula batek, ume batena edo heldu batena izan, ez nuke jakingo esaten ze desberdintasun izango lituzkeen.
"Gailu honekin egindako proben bitartez hobeto jakingo dugu zelula neuronalen portaera"
Alor zientifikoa alde batera utzita, gustura zaude hirian?
Oso gustura. Proiektua garatzeko finantzaketa lortzen ari naizenez, baliteke uda pasa ostean ere hemen jarraitzea. Aukera izaten badut, luzatu egingo dut egonaldia, baina ikusiko dugu; oraingoz, ez dut ezer baztertzen. Aix-en-Provence hiri erakargarria iruditzen zait; giro ederra egoten da astean zehar, kaleak gaztez beteta egoten dira, unibertsitate asko daudelako, gehienak artearekin, hizkuntzekin eta antzerkiarekin lotutakoak. Beraz, kulturalki nahiko hiri zabala da. Bestalde, hemengo jendeak dotore janzteko joera dauka, esango nuke goi-klasekoak direla asko. Marseillatik bisitari dezente etortzen dira 200.000 biztanle inguruko hiri honetara, besteak beste, alde zaharra bertatik bertara ikusteko. Erdi Aro kutsua mantentzen baitute kaleek. Arrasateren antza hartzen diot, alde horretatik.
Eta hizkuntzarekin nola moldatzen zara?
Frantsesez tutik jakin gabe etorri nintzen, pentsa! Kontua da esan zidatela proiektua ingelesez garatuko nuela oso-osorik. Hortaz, frantsesa ikasteak ez ninduen askorik arduratu hasieran. Hori bai, hemen lurreratu eta tutoreak berehala jakinarazi zidan bertako hizkuntza ikastea komeni zitzaidala. Hutsetik hasteko ikastarorik, ordea, ez nuen topatu, eta unibertsitateko ikasketekin lotutako hizkuntza-eskolak jasotzeko Marseillara joatea besterik ez daukat. Edonola ere, zortea izan dut, hemen egin ditudan lagun gehienek ingelesez eta gazteleraz hitz egiten dakitelako.