'Erdi Aroko Hiria' Legarran eta 'Kaleidoskopioa' Uriben

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 31a, 13:53

Dagoeneko erabakita dago Uribe auzoko eta Legarra plazako jolas parkeek ze itxura edukiko duten urte amaieran; izan ere, 2.306 bozkarekin, herritarrek bi proposamen gustukoenak aukeratu dituzte. Ondo bidean, irailean hasiko dituzte berrikuntza lanak, eta urte amaierarako bukatuta egongo dira.

Uribe auzoko eta Legarra plazako jolas parkeak berritu egingo dituzte eta parte-hartze prozesuan herritarrek gehien bozkatu dituzten aukerak izango dira Udal Gobernuak gauzatuko dituenak. Legarra plazan, Erdi Aroko Hiria-ren aldeko aukera egin dute, 364 botorekin eta Uriben, berriz, Kaleidoskopioa nagusitu da, 352 boto eskuratuta. 154 bozka baliogabeak izan dira.

Bi parkeek hamabost urtetik gora dituzte dagoeneko eta berritzeko beharra ere dute, Maria Ubarretxena alkatearen esanetan. Hori dela eta, martxo hasieran parte-hartze prozesu bat abiatu zuten. Hala, hilabete guztian zehar, 16 urte edo gehiago dituzten arrasatear guztiek bozkatu ahal izan dute, era presentzialean zein online eta 27 proposamen izan dituzte aukeran: hamahiru Uribeko parkearentzat eta hamalau Legarrakoarentzat.

Ikastetxeen lana, "eskertzekoa" Ubarretxena eta Victoriano Fuentes Obra, Zerbitzu, Mantenu eta Auzoetako zinegotzia "oso eskertuta" azaldu dira izandako parte-hartzeagatik. Izan ere, 2.306 bozka jaso dituzte, "oso kopuru polita", eta alkateak ikastetxeen lana nabarmendu du. "Parte-hartze zabala izan da eta batez ere eskerrak eman nahi dizkiegu ikastetxeei, bai Arrasate Herri Eskolari eta baita Arizmendi Ikastolari ere. Ikasleek parte hartu ahal izan dute eta esfortzu handi bat egin da hor, irakasleek ikasgeletan ondo landu baitute gaia. Lehen aldia izan da horrelako ekimen bat martxan jarri duguna ikastetxeekin elkarlanean. Oso emaitza ona utzi du eta, beraz, oso eskertuta gaude".

Fuentesek gaineratu du, horrelako ekimen gehiago daudenean, elkarlanean aritzeko aukera zabaldu dela. "Ikastetxeekin egindako elkarlana oso modu positiboan baloratzen dugu eta ikusi dugu aproposa izan daitekeela aurrera begira ere haiekin elkarlanean jarraitzea, orain arte egin dugun moduan".

Urte amaierarako, eginda

Udal Gobernuak 120.000 euroko aurrekontua du bi parkeak berritzeko; 40.000 euro Uriberako eta 80.000, Legarrarako.

Fuentesek adierazi duenez, orain lehiaketa publikora aterako dituzte bi proiektuak eta enpresei exijituko diete aukeratutako diseinuak oinarri hartzea. "Baditugu parkea osatuko duten elementuen tamainak eta ezaugarriak, eta enpresek horretan oinarritu behar dute. Agian kolorean ez hainbeste, baina formetan eta tamainan ezaugarri berberak izan behar dituzte parkeek".

Aurreikuspena da lanak irailean hastea, eta bi hilabetetan bukatzea, urte amaierarako.

2.306 botoetik, 2.091 ikastetxeetatik jasotakoak

Nabarmentzekoa da 2.306 bozka horietatik 2.091 ikastetxeetatik eman dituztela.

Legarra plazako parkerako, 1.226 boto:

Legarra plazan Erdi Aroko Hiria egingo dute.

• Erdi Aroko Hiria: 364.

• Gurpil&Biribil: 285.

• Parke inklusiboa2: 119.

• Akelarrea: 117.

• Hiriko loretxoa 117.

• Altxorraren bila: 47.

• Deba Ibaia: 36.

• Lurretik izarretara 33.

• Parke inklusiboa1: 29.

• Erronka: 25.

• Paseoa oihanean: 18.

• Emozio irlak: 17.

• Abentura naturan: 13.

• Zeruan jolastu: 8.

Uribe auzoko parkerako, 1.078 boto:

Uribe plazan, berriz, Kaleidoskopioaren alde egin dute herritarrek.

• Kaleidoskopioa: 352.

• Jolas librea: 268.

• Udalatx mendia: 107.

• Parke inklusiboa: 79.

• Abentura naturan: 69.

• Dibertsioaren basoa: 49.

• Basoko etxolak: 37.

• Beti hegan: 33.

• Espaziotik bidaia: 30.

• Artea parkean: 18.

• Paradisu txikia: 13.

• Abentura miniaturan 12.

• Zeruan jolastu 11.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak