Amaia antzokian egingo dute, azkenean, desfilea

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 30a, 16:57

Ibai-artek lehenengoz egingo du moda desfilea bihar, zapatua. Azaro amaieran ziren egitekoak, baina bertan behera utzi behar izan zuten, eguraldi txarragatik. Oraingoan ere eguraldiak ez du lagunduko, eta, beraz, Amaia antzokian egingo dute, 19:00etan.

Imanol Gallegok aurkeztuko du saioa, eta Ibai-arteko hamabost komertziok erakutsiko dituzte euren produktuak. Modeloei dagokienez, 60 bat boluntario eta lau profesional ariko dira pasarelan, adin guztietako gizon, emakume zein haurrak. "Hori da berezitasun garrantzitsuena, etxeko modeloak izango direla modelo gehienak", nabarmendu du Jon Apraizek, elkarteko kideak.

Merkatari batzuek euren modeloak lortu dituzte, eta deialdia ere egin zuen elkarteak. "Arrasatearrak bakarrik ez, kanpotik ere badatoz modelo batzuk. Izan ere, dei asko jaso ditugu kanpotik, baina batzuei ezetz esan behar izan diegu, jende nahikoa dugulako", dio Apraizek.

Ibai-artek inkesta bat egin du bezeroen iritziak jasotzeko, eta 500 erantzunetik gora jaso ditu. Erantzun horien arabera, azken urteetan bezeroaren ohiturak asko aldatu dira eta pandemiak are nabarmenago utzi ditu aldaketa horiek. "Lehen, herritarrak dendaz denda joaten ziren, erosi beharreko arropa edo dena delakoa ikusi, aztertu eta baloratzeko. Azken boladan, geroz eta gutxiago egiten da hori eta bezeroak beharra dagoenean bakarrik sartzen dira establezimenduetara; hau da, zuzenean erostera bakarrik sartzen dira".

60 bat modelok hartuko dute parte moda desfilean, eta arrasatearrak dira gehienak

Askotariko produktuak egongo dira ikusgai

Hori dela eta, merkatariek salgai dituzten produktuak herritarrei erakustea gura du elkarteak, eta hori da, hain zuzen, moda desfilearen helburua. Esan moduan, hamabost komertziok hartuko dute parte: Ume, Bea Lentzeria, Tipi-Tapa, Portaloi Optika, Ennea, Promise, Josle, Kapikua, Elkoro Bisuteria, Sikol, Resusta Karrikiri, Zubiaga, Kili-Kolo, Troko eta Markiegi. Hala, askotaraiko produktuak egongo dira ikusgai pasarelan, nahiz eta gehiengoak arropa, lentzeria eta bitxiak izango diren. Halaber, sei modelo aterako dira komertzio bakoitzeko, eta ordu eta erdi inguruko saioa izango da: "Asko jota, bi ordukoa".

Merkatariak gogotsu daude

Beatriz Etxabe, elkarteko presidente izateaz gain, Bea lentzeria dendako arduraduna ere bada, eta adierazi du Arrasaten dituzten produktuak erakusteko balioko duela desfileak. "Era horretan, herritarrak animatuko ditu produktu horiek erostera edo, besterik ez bada, komertzioetara etortzera". Resusta-Karrikiri komertzioko Arantza Arantzabalek ere uste du onuragarria dela desfilea, "herritarrek bertan dituzten produktuak ezagutzeko eta ez daitezen kanpora joan herrian daukatena erostera".

Andrea Donatik zuzenduko du desfilea

SF40 Agency-k egingo ditu desfileko gidari lanak, Andrea Donatiren zuzendaritzapean, eta modelo lanak egingo dituztenei desfilatzen erakutsiko die Donatik. Era berean, Silvia Gallego izango da modeloen estilista. Era berean, establezimendu kolaboratzaileak dira Angela Estetika Zentroa, E&G ile-apaindegia, Lirain eta Xarma ile-apaindegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak