"Ekintzara igarotzeko unea" dela aldarrikatu dute sahararrek

Uxue Igarza Loiola 2022ko mar. 23a, 10:16

Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Debagoieneko sahararren kolektiboko kideek. Marokoren "okupazioa" salatu zuten, eta baita Espainiak edota Frantziak duten "jarrera" ere: "Espainiar Gobernuak ontzat jo du 2007an Marokok aurkeztu zuen Mendebaldeko Saharari buruzko autonomia proposamena. Itxuraz, Sahararen inbasioa ona da".

Pedro Sanchez presidenteak Marokoko Mohamed VI.a erregeari bidalitako gutunak erreakzio ugari eragin ditu, eta baita sahararren haserrea ere. Espainiako Gobernuak Marokoren asmoak babesten dituela zioen gutunak –hau da, Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea–, eta gutunaren berri Marokok berak eman du.

Atzo sahararrek azaldu zuten 1991etik ari direla "konponbide bat adostu nahian", baina Marokoren ordezkariek –eta baita Espainia eta Frantziakoek ere– "oztopoak" jarri dituztela bide horretan "beraien helburuak betetzen jarraitzeko". "Ez zaizkie aski azken urteetako etengabeko torturak, erailketak, atxiloketa arbitrarioak, muntaia polizialak... Ezta norbere herrian arrotz sentiarazterainoko beldurra eta debekuak ezartzea ere; hizkuntza, bandera eta nortasuna isilaraztea. Beraientzat ez da nahikoa minez jositako 2.700 kilometrotako harresia eraikitzea", azaldu zuten.

Bukatzeko, elkarretaratzearen osteko irakurketan azaldu zuten Saharar herriak "bere burua ordezkatzeko eskubidea" duela, eta "hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea" iritsi zaiela.

Sozialisten aurkako elkarretaratzea

Bestetik, gaur, 17:00etan, beste mobilizazio bat egingo dutela iragarri dute Debagoieneko sahararrek, PSOEren egoitzaren parean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak