Jazz arloan jarduten duten aspaldiko lagunak dira Jon Garcia (gitarra eta ahotsa), Aitor Moreno (kontrabaxua) eta Iñigo Zubizarreta (gitarra). Pandemiaren aurretik zuten elkarrekin proiektu bat sortzeko asmoa eta itxialdian izan zuten borobiltzeko aukera eta denbora Zigor Martinez klarinete-jolearekin laukotea osatuta.
Gaur egun bost lagun dira taldean, Mikel Maniega tronpeta-joleak hartu du haize instrumentuen lekukoa eta Jokin Vitoriak du, berriz, bateria eta bestelako perkusio tresnen ardura.
Goi mailako musikariak
Eskarmentu handiko musikariak dira, goi mailako musika ikasketak dituztenak, eta agertokietara ere talde askorekin igo izan direnak. Gitarra jazz espezialitatea egin du Jon Garciak, eta Erromintxelak taldean gainera, Del Vall taldean eta Desitsatsi ekimenean ere jarduten du.
Bateria Jazz espezialitatea egin du Jokin Vitoriak, Los Galerna eta Ze Esatek! taldeetan ibili izan da, eta Sustrajazz eta Anajazz taldeetan dihardu gaur egun Aitor Morenorekin eta Iñigo Zubizarretarekin batera. Moreno, berriz, Los Galerna taldean eta EIJO-n –Euskal Ikasleen Jazz Orkestra– ibili izan da aurretik.
Mikel Maniega tronpeta-jolea ere ez da hasi-berria; tronpeta klasikoko eta jazz espezialitateko ikasketak ditu horrek.
Eta bosgarren kideak, Iñigo Zubizarretak, ere curriculum aparta du, jazz gitarrako goi mailako ikasketak ditu, eta gaur egun Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioko irakaslea da, SA –Soziedad Alkoholika– taldeko kide ere bai, eta aurretik, besteak beste, Governors eta Tako taldetan ibili izan da.