Santa Agedako bainu-etxearen gainbeherari buruzko nobela aurkeztu du Patxi Irurzunek

Arrasateko Santa Ageda auzoko bainuetxean, XIX. mende bukaeran, girotutako ‘El tren de los locos’ izeneko nobela aurkeztu du Kulturaten Patxi Irurzun idazle iruindarrak.  Genero beltza, soziala, abentura eta erotismoa lantzeko aukera eman dio Irurzuni Canovas del Castillo Espainiako gobernuko presidentearen erailketagatik guztiz aldatu zen eszenatokiak. 

Duela 125 urte gertatutakoak prentsa idatzian jasota geratu zirenez, ikertzeko nahiko material izan du Irurtzunek. Tartean, Arrasateko Udal Bibliotekak erraztu dio dokumentazioa. Hala, aukera izan du, bailarako gertaerez harago, testuinguru osoaren erradiografia bat osatzeko. Garai kontraesankor eta aldakorrak zirela azaldu du Irurzunek.

Santa Agedako bainu-etxera prestigio handiko pertsonak joaten ziren atseden hartzera, tartean, Canovas del Castillo politikari eskuindarra. Errepresio politiko ugariren erantzule, anarkistak jazarri izanagatik hiru tiro eman zizkion bainu-etxean bertan Michelle Angiolillo italiarrak. Erailketa hark bainu-etxea ixtea ekarri zuen, harik eta Aita Menni apaizak eraikina erosi eta zentro psikiatriko bilakatu zuen arte. Angiolillori heriotza zigorra ezarri zioten, Bergarako kartzelan. Gaur egun liburutegia dago bertan, eta Irurzunek ondo daki hori, Tratado de Hortografia edota Chucherias Herodes liburuak aurkeztu dituelako hor.

Santa Agedako bainu-etxean jazotakoak modu entretenigarrian ezagutu nahi dituenak, Interneten eta Elkar liburu-dendan eros dezake nobela, edota Arrasateko Udal bibliotekan maileguz hartu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.