Arrasaten ia ezezaguna zen errugbia 1972an, Jesus Jauregi Ibabe aramaioarrak talde bat eratzea proposatu zuen arte. Jauregik Madrilgo Cisneros taldean jokatu zuen, eta Arrasateko atletismo taldeko hainbat laguni errugbi taldea eratzeko proposamena egin zien. Horrela, duela mende erdi, 1972ko martxoaren 6an, Juventud Deportiva Mondragon taldea sortu zuten asanbladan batutako 28 gaztek. Lehenengo pausoak Iturripeko zelaian eman zituzten gazte haiek Jesus Jauregiren gidaritzapean, eta Luis Maria Etxaburu izendatu zuten presidente.
Ramon Barrutia (ARTko presidentea): "Poliki-poliki, herriari ekarpena egiten ari zaio kluba; hori da bidea"
Rafael Soriano arrasatearra izan zen 1972an taldea abiatu zuenetako bat: "Jokalariak atletismotik gentozen. Batzuek xabalina egiten zuten, beste batzuek pisu-jaurtiketa, 5.000 eta 10.000 metroak egiten zituzten korrikalariak zeuden... Horrela osatu genuen taldea, gizon indartsu eta azkarrekin".
Xabier Gardoki 'Jabo' (ARTko kapitaina): "Argi dago 50 urtez hau mantentzeko jendea lan eta lan sendo ibili dela"
1972ko ekainaren 23an heldu zen herensugeen lehen partida, Hernaniren aurkako lagunartekoan. Arrasatearrek partida galdu zuten, baina markagailua estreinatu ahal izan zuten Jose Mari Lizaranzuk eginiko entsegu bati esker. Ligako lehen partida ofiziala ere Hernaniren aurka jokatu zuen Arrasatek. Iturripen jokatu zen lehen neurketa ofizial hura, 1972ko urriaren 29an. Orduan, herensugeek kamiseta berdearekin, praka motz zuriekin eta galtzerdi zuri-berdeekin jokatzen zuten, eta lehenengo denboraldi hartan 34 jokalarik osatu zuten taldea. Mutilen batez besteko adina 22 urtekoa izan zen, eta, hasiberriak izan arren, laugarren postuan bukatu zuten txapelketa. Bitxia da 72-73 denboraldi hartan Debagoieneko bi taldek jokatu zutela liga berean, Arrasatek eta Aloña Mendik. Hala ere, oñatiarrek bizpahiru urte iraun zuten talde moduan.
Olatz Orokieta (Arrasate-Ordiziako jokalaria): "Emakumezkoen errugbiaren tabua hausteko garaia da"
Aurreneko denboraldian izandako urte onaren emaitza moduan, 73-74 denboraldian gazteen taldea sortu zuten. Bigarren denboraldi hartan Arrasatek sekulako denboraldia egin zuen eta bigarren sailkatu zen. 1975-1976an aldatu zuten herensugeek euren janzkera. Gaur egun oraindik ARTren koloreak diren kamiseta zuri-more, galtza-motz beltz eta galtzerdi zuri-moreez osatuta zegoen ekipamendua. Zuri-more jantzita, denboraldi hartan lehenengo aldiz Euskal Kopa irabazi zuten arrasatearrek.
80ko eta 90eko hamarkadetako gorabeherak
Gorabehera askori aurre egin behar izan zien 80ko hamarkadan Arrasate Rugby Taldeak, Jose Antonio Moraleja Txanton-ek gogoratzen duenez: "1980an sartu nintzen, eta jokalari moduan 1991ra arte egon nintzen. Zelai aldaketa egin genuen arte, Iturripetik Garagartzara igaro arte. Taldea lehen mailara igo zen 70eko hamarkada bukaeran, eta Iparraldeko ligan jokatzen zuen. Maila oso handia zen, baina gazte asko soldadutzara joan ziren eta mailaz jaitsi zen taldea. Gutxi ginen, adiskideak ginen eta giro bikaina genuen".
Jose Antonio Moraleja Txanton (jokalari ohia): "Lagun talde batek hasi zuen horrek gaur egun bizirik jarraitzen du"
Izan ere, 90ko hamarkada hasieran, Iturripen jokatzeari utzi eta Garagartzako Atxabalpera joan ziren herensugeak. Tartean, taldeak entrenamendu batzuk Arrasateko Herriko Plazan ere egin behar izan zituen. "Ez genituen kopa asko irabazi, baina Euskal Liga irabazi genuen 1983an. Gainera, Sebas Gorosabelek Espainiako selekzioarekin ere jokatu zuen –auto istripuan hil zen–, eta Patxi Gorosabelek euskal selekzioarekin... Kuadrilla moduko bat ginen, baina jende ona ere izan genuen. Pare bat denboraldi jokatu barik egon ginen, Patxi Gorosabelen lesioa zela eta. Bera zen taldeko ikurra, eta lesionatu zenean behera etorri ginen. Bi denboraldi jokatu barik ibili ginen 87-88an, eta Agustin Aranburuk berriro bultzatu zuen taldea. Eskertu egin behar diogu hori", dio Txanton-ek.
Isei Barbero (jokalari ohia): "Errugbia hain ezezaguna izanik, meritu handia du 50. urteurrenak"
80ko eta 90eko hamarkadetan taldeko ikurra izan zen Patxi Gorosabel arrasatearra: "15 urterekin hasi nintzen errugbian eta 33 urterekin Bera-Berara joan nintzen... Gero, berriro bueltatu nintzen Arrasatera". Iturripetik Atxabalpera egindako zelai aldaketa nabarmendu du Gorosabelek urte haietako aurrerapauso moduan: "Garagartzan lokatzetan jokatzen genuen, eta oroitzapen onak ditut. Zelaia ez zen ona, baina Iturripen lur-harean jokatzen genuen. Gutxienez, Atxabalpek belarra zeukan. Beste taldeak gu baino teknikoagoak ziren, kalitate handiagoa zuten, baina guk lokatzean jokatzen genekien. Gure arma izan zen urte haietan".
Azken bi hamarkadak
Mojategira aldatzearekin eta Igor Isasi entrenatzaile moduan jartzearekin bat prestakuntzan eta kalitatean jauzia eman zuen taldeak, Isei Barbero jokalari ohiak dioenez. Barberok, gainera, 13 urte daramatza ARTren komunikazio arduradun. "2008an Isasi entrenatzera etorri zenean alde handia nabaritu genuen taldean. Formakuntza zuen eta jokalari ere ibili zen Iparraldean. Seriotasun handiagoa ezarri zuen taldean. Horri jarraikortasuna eman dio Julen Barrutiak gaur egun".
Bestalde, 1999an sartu zen taldean gaur egun taldeko kapitain den Xabier Gardoki Jabo: "Hiru urte kenduta, unibertsitate garaikoak eta iazko geldialdia pandemia dela-eta, 99tik gaur egun arte egon naiz ARTn. Argi dago 50 urte hauetan jendea lan eta lan ibili dela sendo, hau mantentzeko. Arrasaten beti ibili izan gara jendez eskas, beti ukituta dagoen jendearekin edo ixteko zorian daudenekin; baita inguruko herrietako jendearekin. Horrekin bizi eta iraun ahal izan dugu".
Aurrera begira
Duela urtebete heldu zion ARTren kudeaketari Ramon Barrutia presidentearen lantaldeak: "Aurrera begiratu behar dugu, eta orain, hori da gure helburua. Kirol gutxitua da errugbia eta baditu hainbat erronka. Kirol txiki moduan, inpaktu gutxi dugu gizartean, eta diru falta izaten dugu. Kostatzen zaigu gazteengana heltzea, eta zaila izaten da helburuak lortzea. Gogoratu behar da talde batean berdegunean 15 lagunek jokatzen dutela errugbian. Jende asko behar izaten da, eta teknikari falta ere izaten dugu, gainera".
Julen Barrutia (ARTren entrenatzailea): "Errugbia inklusiorako tresna oso baliagarria da"
"Nesken taldearekin eta errugbi inklusiboarekin aurrera egitea da helburuetako bat. Gure bi helburu garrantzitsu dira. Errugbira gerturatu nahi ditugu, eta errugbia eurengana ere hurbildu. Poliki-poliki herriari gure ekarpena egiten ari gara. Jokalariek eta gurasoek hartzen ditugun erabakietan parte hartzea nahi dugu, eta horretan ari gara", dio Barrutiak.
Arrasate-Ordizia taldeko Olatz Orokorietak nesken taldea egiten ari den lana nabarmendu du: "Errugbia kirol moduan ez dago oso zabalduta, eta nesken talde bat sortzeko are zailagoa izan ohi da. Indarrarekin eta gizonekin lotu izan da beti, eta bada tabu horrek hausteko garaia. Gu ahots gehiago ematen saiatzen ari gara, eta taldea handitzea da helburuetako bat. Gainera, nabaritzen da gogor ari garela lanean; hori esan digute beste taldeetatik".
2021-2022 denboraldiari dagokionez, talde oso sendoa dutela dio ARTko kapitain Xabier Gardokik: "Kirol mailari dagokionez, aurtengoa urterik onena dela uste dut. Talde oso indartsua dugu".
"Lagun talde batek hasi zuen hura, gaur egun bizirik jarraitzeak harritu egiten ditu sortzaileak. Gainera, taldea eta kluba sendotu egin dira", dio Txanton-ek.