Apirilean hasiko dira Obenerrekan parkour parkea egiten

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 3a, 11:52

Hilabete barru hasiko dituzte Obenerrekako pilotaleku ondoan parkour parkea egiteko lanak. 217.994,41 euroko aurrekontua du Goitu Eraikuntzak S.L. enpresak egingo duen obrak, eta lau hilabetetan parkea prest izatea aurreikusten dute, uda ingururako.

Obenerreka kaleko frontoi inguruan parkour parkea eraikitzeko lanak apirilean hasiko ditu Goitu Eraikuntzak S.L. enpresak, lizitazio publikoan puntuazio onena lortu ostean. Udal Gobernuak azaldu duenez, hiru enpresak aurkeztu dituzte haien eskaintzak. Obraren aurrekontua 217.994,41 eurokoa da, BEZ barne, eta lanek lau hilabete irautea aurreikusten dute. Hala, Maria Ubarretxena alkateak adierazi du helburua dela urteko bigarren seihilekorako parkea bukatzea "eta gune degradatu honen errekuperazioa amaitzea".

Udarako bukatuta egongo den parkeak jauziak egiteko eta hormak igotzeko elementuak izango ditu, zenbait zutabe eta heldulekurekin osatuta. Era berean, kautxuzko zoladura bat jarriko diote, "gerta daitezkeen erorikoak arintzeko", alkatearen esanetan. "Jarduketa osatzeko, saneamendu-azpiegiturak egokituko dira euri-urak biltzeko eta argiztapen-sistema jasangarria ezarriko da eta ura edateko iturri bat ere izango du parkeak".

Proposamen aukeratuena

Parkour parkea egiteko ideia 2019an Haurren Kontseiluak proposatutako ekimenetako bat izan zen. Udal Gobernuak, eskaera horri erantzunez, 2021ean heldu zion proiektuari. Hala, duela urtebete inguru, prozesu parte-hartzaile bat abiatu zuen, herritarrei hiru diseinu edo proposamen aukeran emanez, eta hirugarrena izan zen bozkatuena (irudian dagoena).

Alkateak azaldu duenez, ume askok Aldaigainen egiten zuten parkour. "Hori dela eta, bizilagunen aldetik ere hainbat kexa izan ditugu, umeek auzoko petrilak apurtu egiten zituztela esanez. Beraz, parke horrekin irtenbidea emango genioke arazo horri eta haurrentzat ere, zonalde horretara joateko ohitura dutenez, erosoagoa izango da". 

Ingurua biziberrituko du

Victor Fuentes zinegotziak dio "gizabanakoaren mugimen-gaitasunean oinarritutako lehen parkea" izango dela. "Gainera, Obenerreka berreskuratu eta osorik biziberrituko da, aisialdirako eta kirolerako gune gisa". Izan ere, egun, ingurua degradatuta dagoela onartu du.

Auzoetako inbertsioa, laukoitza

Arrasateko Udal Gobernuak, parkour parkearen obra baliatuz, nabarmendu du auzoekiko daukan apustua berretsi duela. "Azken sei urteetan ia 12 milioi euro inbertitu ditugu herriko auzoetan, erdigunean inbertitu duguna baino lau aldiz gehiago", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. Gobernuak jakinarazi duenez, erdigunean 3.294.000 euro inbertitu dira. "Arrasatear gehienak auzoetan bizi gara, eta Udal Gobernu honen helburu nagusia herritar guztien ongizatea bermatzea da", gaineratu du alkateak. "Inbertsio plan zehatza jaso genuen gure Udal Gobernu programan, lehenik, eta, ostean, 2019-23 Herri Planean. Guztira, 36 ekimen dira, asko eta asko jada gauzatuak, eta beste hainbat bidean direnak; parkour parkea, kasu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak