Ruiz de Azua bigarren eta Axpe laugarren, Espainiako pista estaliko txapelketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ots. 27a, 11:55

Malen Ruiz de Azua eta Maialen Axpe pertika jauzilari arrasatearrak Espainiako pista estaliko atletismo txapelketan hartu zuten parte atzo, Ourensen. Ruiz de Azua bigarren sailkatu zen (4,27 metro) eta Axpe laugarren (4,12 metro). Ana Carrasco izan zen lehen sailkatua baina Ruiz de Azuaren marka bera eginda geratu zen lehen postuan, arrasatearrak bigarren saiakeran lortu zuelako 4,27 metroko marka; Carrascok lehen jauzian lortu zuen marka hori.

Malen Ruiz de Azuaren arabera, neguko denboraldiaren isla izan zen atzoko proba: "Atzo esaten nion Jonathan Perez entrenatzaileari denboraldiaren isla izan dela. Oso gorabeheratsua izan da, oso irregularra, eta hasieran markatu genituen helburuetatik urrun ibili gara [4,43 metroko da pista estaliko bere markarik onena]. Gogoa nuen neguko denboraldia amaitzeko eta udakoari begira zerotik hasteko. Espainiako federazioak ez ditu oraindik Europako txapelketarako irizpideak jakinarazi eta, beraz, oraindik ezin helburuak zehaztu. Orain, lehentasuna izango da deskantsatzea eta reset egitea".

Maialen Axpe ere ez da bere onenean heldu

Bestalde, Maialen Axpe ez da oso pozik geratu atzo lortu zuen markarekin: "Orain arte Iruñean entrenatzen aritu naiz baina duela gutxi Sorian hasi naiz entrenamenduekin, beste entrenatzaile batekin. Uste dut entrenatzeko era berrira ez naizela oraindik erabat egokitu eta horregatik ez naizela nire sasoi onenean heldu. Molestia batzuekin ere aritu naiz eta horrek ere eragingo zuen... Neguko denboraldia bukatuta, laster hasiko gara udakoa prestatzen [apiril amaieran ekingo diote udako denboraldiari]; nire lehentasuna izango da entrenatzeko modu berria barneratzea, eta ikusiko dugu ea noraino hel gaitezkeen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak