Imanol Lasa GBBko Berrikuntza Politikoko arduradunak gidatu du ekimena lepo bete den Abaroa egoitzan. Bertan, Debagoieneko EAJko zenbait kide –Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea, Lurdes Idoiaga eta Angel Biain Oñatiko EAJko kideak eta Elena Lete Bergarako EAJko kidea–, eta eragile ekonomiko eta alderdi jeltzaleko beste hainbat kide batu dira. Lasaren ostean, Maria Ubarretxenak hartu du hitza, eta ondoren, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoen diputatu Jabier Larrañagak Gipuzkoako egoera sozioekonomikoaren diagnosia aurkeztu du.
Helburua, "Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren etorkizunaren gainean hausnartzea izan da entzuketa aktibo eta elkarrizketarako eta lankidetzarako ekimenaren bidez", Imanol Lasak azaldu duen moduan: "Herritarrengana gehiago zabaldu nahi dugu eta gure erronkei kolektibotik aurre egin, gure proposamenen diseinuan parte hartzeko aukera eskainita".
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, bestalde, "globalizazioa, eraldaketa teknologiko handiak, lotura sozialen ahultzea, krisi energetikoa edo biztanleriaren zahartzea suposatzen duten erronka handiak" azpimarratu ditu ekimenean: "Gaur egun Debagoieneko industria-ehunak erakusten digu zer lor dezakegun, gure printzipioei leial izanik, lankidetzan aritzen bagara eta berrikuntzaren alde egiten badugu".