Arrasateko Udalak ia milioi bat euroko diru-laguntza jaso du Europako Next Generation funtsetik. Izan ere, iazko irailean egindako eskaera onartu egin du funtsak. Beraz, ia milioi bat euroko laguntza jasoko du, 993.285 eurokoa, zehazki, eta hiru proiektutara bideratuko du Udal Gobernuak; zati handiena, Ekobulebar-era: 743.285 euro. Horrez gain, Musakola eta Santa Teresa lotuko dituen igogailu sistemarako 200.000 euro bideratuko ditu eta 50.000 euro, azkenik, Araba Etorbidea eta Foruen Plaza lotuko dituen bidegorri zatia egiteko.
Next Generation funtsak CO2 isurketa murrizten duten proiektuak sustatzen ditu nagusiki, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna ematen diotenak, eta Arrasateko hiru proiektuek hori bilatzen dute, Maria Ubarretxena alkatearen esanetan. Era berean, "oso pozik" azaldu da laguntza jasotzeagatik.
Ekobulebar-a, ia amaituta
Alkatearen esanetan, uda aurretik bukatuko dute Ekobulebar-a. Izan ere, lan gehienak aurreratuta dituzte eta azken fasea gelditzen da bakarrik, lorezaintzako azken ukituak eta bestelako erremate batzuk. "Egia da udan edo udaberrian beste itxura bat hartuko duela, loreak eta zuhaitzak hazi egingo direlako, baina uda aurretik bukatuta egongo dira lan guztiak, seguruenik", dio Ubarretxenak. Hiru igogailuko sistema Musakola eta Santa Teresa lotuko dituen igogailu sistemari dagokionez, hiru proposamenen artean bozkatu zuten auzotarrek eta proposamen bozkatuena izango da aurrera eramango dutena, hau da, hiru igogailu dituena. Udal Gobernuak bilerak egin ditu Musakolako zein Santa Marinako auzotarrekin, auzo-alkatetzekin eta ikastetxeekin.
Obra zuzendaritza esleituta dago, Asmatu SL enpresak egingo du, eta exekuzio obrarako deialdia oraindik irekita dago. "Kontratazio mahaiaren baitan dago gaia. Hainbat enpresa aurkeztu dira eta teknikariak baloratzen ari dira eskaintza guztiak. Beraz, espero dugu laster proiektua esleitu eta uda aurretik lanei ekitea".
Bidegorri zatia ere, aurten
Azkenik, Araba Etorbidea, Leintzibar kalea eta Gipuzkoako Foruen Plaza lotuko dituen bidegorri zatia ere uda aurretik hastea aurreikusten du Udal Gobernuak eta, nahiz eta auzo-alkatetzarekin bilerak egin dituzten, auzotarrei ere azaldu gura diete proiektua, lanekin hasi aurretik.