Arrasateko Udaltzaingoak 1.037 esku-hartze burutu zituen 2021eko azken hiruhilekoan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ots. 9a, 13:31

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Zigor Andino Arrasateko udaltzainburuak zehaztu dituzte udaltzaingoak izan dituen esku-hartze datuak prentsa agerraldian. Besteak beste, 2021ean, guztira, 4.295 esku-hartze burutu zituztela adierazi dute, eta horietatik 1.037 azken hiruhilekoan. Nabarmendu dute Arrasate herri "segurua" dela. Eta, azpimarratu, Udaltzaingoak ohiko jarduerak burutu dituela eta ez da gertaera berezirik jazo. Nahiz-eta, urte amaierako euriteak aipatu dituzten, eta baita COVID-19arekin lotutako esku-hartzeak, besteak beste.

Honakoa adierazi zuen Maria Ubarretxenak Arrasateko alkateak: Esku-hartze gehienak administratiboak izan dira, 510 guztira; 144 segurtasunekoak; 255 trafikokoak; eta 107 ingurumen gaiei lotuak. Aldi horretan 10 pertsona atxilotu dira (2 urrian, 3 azaroan eta 5 abenduan). COVID-19ari lotutako aktuazioek nabarmen egin dute behera. Uztaila eta iraila artean 251 egin ziren eta urria eta abendua artean, berriz, 71.

Euriteen aurrean, lan asistentziala

Abendu hasieran izandako euriteek eragindako kalteen eta ezbeharren aurrean burututako lana ere nabarmendu dute agerraldian. "Gure lanaren %85a asistentziala da. Esaterako: euriteen ondorioz zenbait familia euren etxeetatik atera behar izan ziren, eta horiei babesa eman zaie Udaleko gainerako sailekin elkarlanean. Igo dira ere trafikoarekin lotutakoak, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta bikoitza izan dira. Aldiz, COVID-19arekin lotutako esku-hartzeak asko gutxitu dira", adierazi du Zigor Andino Arrasateko Udaltzainburuak. Horrekin batera, Andinok eskertu du herritarren kolaborazioa.

Esku-hartzeak modalitatetan banatuta

Esku-hartzeen modalitateei erreparatuz gero (administraziokoak, ingurumenekoak edo segurtasunekoak), 510 administrazio-eremuarekin lotuta daudela adierazi dute, hala nola animaliak, zaratak, garbiketa gaiak, pintaden garbiketa edota dokumentuak edo objektuak galtzea. Hilabeteei erreparatuz, arlo horretan esku-hartze gehien egin diren hilabetea abendua izan da (180), eta, ondoren, urria (170) eta azaroa (160).

144 segurtasun alorrekoak izan dira. Nabarmen hazi dira liskarrak (35 2021eko azken hiruhilekoan, 18 soilik abenduan) eta murriztu, berriz, ebasketak, abisu faltsuak edota kalte materialak. Hileko datuari dagokionez, abendua izan da esku-hartze gehien izan dituen
hilabetea (57), ondoren azaroa (46) eta urria (41).

Ingurumenaren alorrean 107 esku-hartze egin dira, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz 43 gehiago (64 egin ziren uztaila eta iraila artean). Gehienbat azaroa eta abendu artean egon ziren euriteen ondoriozko aktuazioak izan dira: zuhaitz-erortzeak, luiziak ibaien kontrola… 51 abenduan, 38 azaroan eta 18 urrian.

Trafikoan gora, atxiloketak, eta beste

Trafikoari lotutako esku-hartzeek ere nabarmen egin dute gora: 255 urria eta abendua artean. 103 izan ziren aurreko hiruhilekoan. Nabarmentzen dira bai trafiko-atestatuak, bai karnetik gabe gidatzeagatik edota droga edo alkoholaren frogan positibo emateagatikoak, eta baita trafikoari lotutako sorospenak ere, 59 guztira. Istripuak 56 izan dira. Ez da hildakorik izan eta gehienak arin zauritu dira edo ez dira zauritu. Ez da oinezko harrapaketarik izan.

Hiruhileko honetan 63 denuntzia bideratu dira. Gehienak ondare-ebazpenak edo ebazpen sozio-ekonomikoak izan dira (58): 17 ebasketa, 29 kalteak jabetza publikoan edo pribatuan (fatxadak, leihoak, auto-ispiluak…), 9 iruzurragatik eta 3 lapurretagatik. Alkohola eta drogak kontsumituz gidatzeagatik 2 arau-hauste erregistratu dira.

Aldi horretan 10 pertsona atxilotu dira (2 urrian, 3 azaroan eta 5 abenduan). Lapurretak, drogarekin eta alkoholarekin lotutako ezbeharrak eta erasoak izan dira arrazoi nagusiak.

Gainera, Udaltzaingoak beste esku-hartze mota batzuk ere egin ditu, hala nola betebehar judizialak, herritarrari laguntzeko ekintzak, hala nola piboteen, informazioaren eta kexen kudeaketa, edo Ertzaintzarekin lankidetzan egindakoak, azken horiek (26), edo Osakidetzarekin kolaborazioan gauzatutakoak (3).

Covid-19ari lotutako aktuazioek ere nabarmen egin dute behera. Uztaila eta iraila artean 251 egin ziren eta urria eta abendua artean, berriz, 71.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak