Probaldia bukatu da; isunak datoz

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ots. 3a, 18:32

Abenduaren 4an jarri zuten martxan TAO sistema berria, eta, bi hileko probaldiaren ostean, TAOko langileak isunak jartzen hasiko dira arau-hausteengatik, egubakoitzetik hasita; sistemaren "benetako funtzionamendua" ikusten hasiko da Udal Gobernua.

Maria Ubarretxena alkateak azaldu du aztertu egin beharko dutela benetako funtzionamenduak ze aldaketa eragin ditzakeen orain artekoarekin alderatuta. "Beraz, denbora bat igarotakoan, azterketa bat egingo dugu eta egin beharreko aldaketak egingo ditugu", gaineratu du.

Udal Gobernuaren bozeramaile Anuska Ezkurrak martitzeneko osoko bilkuran adierazi zuen 100 erreklamazio eta eskaera baino gehiago jaso dituztela, eta alkateak horietako batzuk eman ditu aditzera: "Zerrajerako bizilagunek eta Erguingo Uriburu kaleko auzotar gehienek eskatu dute euren kaleetan TAO sistema ezartzeko; aulki gurpildunetan dauden edota mugikortasun zailtasunak dituzten hainbatek dagozkien txartelen gaineko erreklamazioak egin dizkigute eta izan dira hirugarren autoarendako egoiliar txartelak eskatu dituztenak ere. Berez, etxebizitza bakoitzeko bi txartel eskuratzeko aukera dago, baina aukera hori ere aztertuko dugu".

Bost gune ditu sistemak

Bertakoen gunean, txartela dutenek aparkatu dezakete, bizi diren barrutian soilik, denbora mugagabean; TAO express gunean, gehienez 30 minutuz aparkatzeko aukera dago; doako gunean, ez ordaindu arren, tiketa atera behar da eta gehienez 90 minutuz aparkatu daiteke; TAO arruntean, gehienez hiru orduz aparkatu daiteke; TAO luzean, azkenik, goizez, arratsaldez edo egun osoz aparkatzeko aukera dago .

Lau isun mota egongo dira

Probaldia amaituta, lau isun mota egongo dira, arau-haustearen arabera: oso arinak, 50 eurokoak –bizikletentzat–; arinak, 100 eurokoak; larriak, 200 eurokoak, eta oso larriak, 500 eta 3.000 euro artekoak.

Esaterako, arau-hauste arinak izango dira dagokion txartel barik aparkatzea, gehienezko denbora gainditzea edota aparkatutako barruti berean aparkatzea gutxieneko denbora igaro baino lehen. Era berean, TAO makinetan ordaindu beharko dira isunak, eta bi eguneko epea egongo da horretarako.

Bestalde, arau-hauste larriak izango dira ilara bikoitzean aparkatzea, bidegorritik eta oinezkoendako guneetatik joatea eta faltsifikatutako egoiliarren txartelak edota aparkatze tiketak erabiltzea.

Oposizioa, sistemaren kontra

EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek azpimarratu du Mugikortasun Planari bai, baina indarrean dagoen sistemari ez ziotela aldeko botorik eman, ezezkoa baizik. "Gauza bat da autoen erabilera arautzea, eta beste bat da hasieratik ordaindu behar izatea edota arrasatearren beharrak aintzat ez hartzea". Podemos Arrasateko Eva Abuinek, bestalde, ezbaian jarri du Udal Gobernuaren parte-hartze eredua. "Herritarrek egindako proposamenak ez ditu jaso eta osoko bilkuran ere ez da herritarren eskaera eta proposamenekiko inolako erantzunik egon Udal Gobernuaren aldetik".

Autonomo batzuk kexu dira

Langile eta enpresa autonomo batzuk kexu azaldu dira indarrean den TAO sistemarekiko. "Ez dute kontuan hartu sistema honek gremioengan izango duen eragina", azaldu du Fernando Merinok, Electricidad Musakola enpresako arduradunak. Gaineratu du ez dagoela TAO sistemaren aurka. "Ikusten da eragina daukala, aparkaleku gehiago daudelako libre orain. Baina guretzako erabat bideraezina da. Oso denbora mugatuak dira eta ez dira nahikoak, guk edozein lan egiteko behar dugun denbora kontuan hartuta".

Bederatzi langile ditu Merinok, eta, adierazi duenez, elektrikariek asko mugitu behar izaten dute alde batetik bestera. "Kontuak egiten aritu naiz eta bakoitzak 215 bat ordu galduko lituzke; izan ere, orain askoz ere denbora gehiago behar dugu modu egokian aparkatu eta dagokigun lekura joateko. Horrek diru asko galtzea eragiten digu, eta, martxa honetan, langileen erdiak kendu beharko ditut", nabarmendu du.

Hori dela-eta, txartel berezi bat eskatu dute, esaterako, Correoseko langileek daukaten moduan. "Hala, lasai aparkatu ahal izango genuke. Azken batean, herritarrei zerbitzu bat eskaintzen ari gara eta ezin dugu hainbeste muga eduki. Lan egiteko txartel berezi bat izatea ez dut uste asko eskatzea denik".

Izenik eman nahi ez duen beste autonomo batek laguntzak eskatzen dizkio Udalari, "lanerako erraztasunak. Nola moldatuko gara, bestela? Lanean ari gara, ez dugu aparkatzen sudur puntan jartzen zaigulako".

Elkarretaratzea, TAO sistemaren aurka

Eragin Arrasatek deituta, auto-ilarak egin zituzten martitzenean, protesta gisa, eta Herriko Plazan elkartu ziren osoko bilkura hasi aurretik. "Moratoria eta herritarren parte-hartzea eskatzen dugu. Hau onartezina da", nabarmendu zuen Placi Garcia bozeramaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak