TAO sistemak hartu du protagonismo nagusia urteko lehen osoko bilkuran

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ots. 1a, 21:14

Gai-zerrendan egon ez arren, Eragin Arrasate plataformako kideen protestek hartu dute nagusitasuna saioan, eta bospasei herritarrek hartu dute berba, TAO sistema gaitzetsiz eta moratoria eskatuz. Halaber, Ekiola Kooperatiba Elkartearen bazkide laguntzaile gisa parte hartzeko proposamena onartu du udalbatzak eta ELA sindikatuak Aita Menniko langileen lan-baldintzen harira aurkeztutako mozioak, berriz, ez du aurrera egin.

Galdera-erantzunen tartean heldu da urteko osoko bilkurako eztabaida nagusia, TAO sistemaren ingurukoa. Izan ere, Eragin Arrasateko hainbat ordezkarik bertatik bertara jarraitu dute saioa eta bukaeran, bospasei herritarrek hartu dute berba, tartean Placi Garciak, plataformako bozeramaileak, eta orain arteko aldarrikapenei eutsi die. "Moratoria eta herritarren parte-hartzea eskatzen dugu. Aparkalekuekin dagoen arazoa ezin da aparkatzeagatik ordainduz eta isunen bidez konpondu. Herritar guztiek ez dute aparkatzeagatik ordaintzeko diru estra edukitzeko pribilegioa".

Aurrez, gainera, auto-ilarak egin dituzte erdigunean, protesta gisa, eta Herriko Plazan ere elkartu dira osoko bilkura hasi aurretik.

TAO sistema gaitzesteko elkarretaratzea, Herriko Plazan, osoko bilkuraren aurretik.

Garciari erantzunez, Anuska Ezkurra Udal Gobernuko bozeramaileak hartu du berba eta, beste behin, azpimarratu du kontuan hartuko dituztela eskari eta proposamen guztiak. "Hilabete hauetan 100 erreklamazio eta eskaera baino gehiago jaso ditugu eta erantzun bat emango diogu bakoitzari. Mugikortasun Plana aho batez onartu zen eta bi urte baino gehiago aritu gara lantzen. Edozelan ere, bizirik dagoen sistema da eta egin beharreko aldaketak egingo ditugu".

Maria Ubarretxena alkateak, jasotako erreklamazio eta eskaera horietako batzuk eman ditu jakitera: "Zerrajerak edota Erguingo Uriburu kaleko auzotar gehienek eskatu dute haien kaleetan TAO sistema ezartzeko; gurpildun aulkietan dauden edota mugikortasun zailtasunak dituzten hainbatek dagozkien txartelen gaineko erreklamazioak egin dizkigute eta izan dira hirugarren autoarendako egoiliar txartelak eskatu dituztenak ere. Berez, etxebizitza bakoitzeko bi txartel eskuratzeko aukera dago baina aukera hori ere aztertuko dugu".

Bestalde, EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek azpimarratu du, Mugikortasun Planari bai, baina egun indarrean dagoen sistemari ez ziotela aldeko botoa eman. "Gauza bat da autoen erabilera arautzea, eta beste bat da hasieratik ordaindu behar izatea edota arrasatearren beharrak aintzat ez hartzea".

Podemos Arrasateko Eva Abuinek, bestalde, ezbaian jarri du Udal Gobernuaren parte-hartze eredua. "Herritarrek egindako proposamenak ez ditu jaso eta osoko bilkuran ere ez da herritarren eskaera eta proposamenekiko inolako erantzunik egon Udal Gobernuaren aldetik".

Izen aldaketa: Podemos Arrasate

Osoko bilkurako beste puntuetako bat alderdi politiko baten izen aldaketa izan da. Izan ere, orain arte Elkarrekin Arrasate izan dena Podemos Arrasate izango da aurrerantzean. Edozelan ere, oraindik ez dute adierazpenik egin nahi izan, ez Ezker Anitza-IUk ezta Podemosek ere. "Barne prozesu batean gaude eta bukatu arte, errespetuaren izenean, ez dugu adierazpenik egingo", azaldu du Podemos Arrasateko Eva Abuinek.

Eva Abuin, osoko bilkuran.

ELAren mozioa, onartu gabe

Aita Menniko langileen hitzarmenaren negoziaketa eta lan gatazkaren inguruko mozioa aurkeztu du ELA sindikatuak, eta langileen ordezkaritza bat ere izan da osoko bilkuran. Salatu dutenez, haien lan-baldintzak geroz eta okerragoak dira eta diru publikoa jasotzen duen entitate bat izanik, Arrasateko Udalari elkarlanerako deia egin diote. "Aita Menni ez da entitate pribatu bat, dirutza publikoa sartzen da eta hori onartezina da langileak baldintza horietan egotea. Prest gaude Udalarekin elkartu eta konpontzen saiatzeko", azaldu dute.

Aita Menniko hainbat langile, osoko bilkuran, kartelekin.

Johanna Sanchez sozialistak erantzun die Udal Gobernuaren izenean: "Udal Gobernu bezala, errespetuz hartzen ditugu zuen hitzak eta eskakizunak, baina Udalari ez dagokio lan gatazka pribatuetan sartzea". Beraz, aurka bozkatu dute eta ez da mozioa onartu, nahiz eta oposizioko bi alderdiek alde bozkatu. "Beste kolektibo batzuekin elkarlanerako borondatea dagoen moduan, zergatik ez dago Aita Menniko langileekin? Ezin dugu beste alde batera begiratu, patronalari begiratzea litzakeelako, eta ez langileen beharrei", dio Morrasek. Abuinek ere  "babes osoa" adierazi die langile guztiei.

Ekiolan, bazkide laguntzaile gisa

Arrasateko Udala bazkide laguntzaile gisa sartuko da Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba Elkartean, udalbatzak, oposizioaren abstentzioarekin, hala onartu ostean. "Garaiako lur publiko batean parke fotovoltaiko bat jarriko da, 400 familiari energia emango diona. Kooperatiba modalitatea izango da, familia horiek bazkide egin beharko dira eta Udalak bazkide laguntzaile gisa hartuko du parte", azaldu du alkateak.

Grupo San Juango arkuak, jabetza pribatukoak

Udal zerbitzu teknikoek egindako azterketak ondorioztatu du ez dagoela elementu erabakigarririk Alfontso X. Jakintsuko ataripeen titulartasun publikoa babesteko, "nahiz eta horiek erabilera publikoko zortasun bati lotuta dauden plaza mailan". Hala, aho batez onartu dute jabetza zehazteko prozedura ebaztea.

Morrasek adierazi du bere momentuan ondo aztertu balitz erregistroan eta eskrituretan zegoen informazioa, ondorio horretara iritsiko ginateke eta ez litzake gertatuko bizilagunekin izan den gatazka guztia. Hasieratik garbi zegoen hori ez zela udal jabetzakoa. Ebazpena berandu dator".

Josu Zugasti, bake epaile

Bestalde, udalbatzak aho batez onartu ostean, Josu Zugasti izango da Arrasateko bake epaile berria eta Aitor Isasa izango da haren ordezkoa.

21.867 biztanle

Alkatetzak osoko bilkurari jakitera eman dionez, 2021eko abenduaren 31ko datarekin, 21.868 biztanle ditu Arrasatek, 11.129 emakumezko eta 10.738 gizonezko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak