Marga Garmendia Enplegu teknikariak adierazi du langabeen kontratazioaren formularekin asmatzen ari direla, "oso ondo" funtzionatzen dabilelako. "Hemeretzi pertsona aurkeztu ziren herritarren laguntzaile posturako; naturaguneen talderako ere, hemeretzi; lorezain posturako, hamazazpi eta garbitzaile posturako, 44. Datu horiek ikusita, esan genezake asmatzen ari garela formula honekin, bestelako eskaintzetan baino jende gehiagok ematen duelako izena".
Batetik, herritarren laguntzaileen taldea sei langilek osatuko dute, eta honako funtzioak izango dituzte: herritarrei informazioa eman eta arreta eskaintzea, aisialdiko eremuetan herritarrei informazioa ematea, hiri-altzariek udal zerbitzuetan duten egoerari buruzko informazioa ematea, udal dokumentuak eramatea (zirkularrak, bandoak...), ikastetxeetako haurrei hainbat jardueratara laguntzea (kiroldegia, liburutegia, kultura…), haurrei laguntzea eskolara bidean dauden oinezkoentzako pasabideetan.
Bestetik, naturaguneak mantentzeko brigadan lau langile egongo dira, eta ibaien ertzak garbitzea eta landare inbaditzaileen hedapena mugatzea izango da haien zeregina, era berean, bide naturalen sarea eta naturaguneen mantentze-lanak eginez. Hala, haien ardura izango da pilatutako zaborra ateratzea, landare inbaditzaileak kontrolatzea, zuhaitzak landatzea eta inaustea, landa-gunean lurrak moztea, bide naturalen sarea mantentzea eta baratze-parkea mantentzea, besteak beste.
Era berean, hiru langile kontratatu dituzte lorategien mantentze-lanak indartzeko, zuhaitzak landatzeko eta abar.
Horrez gain, eraikinak garbitzeko errefortzu-brigadan lau langile egongo dira, COVID-19ak eragindako garbiketa-behar puntual berriei aurre egiteko asmoz. Hala, udal eraikinen garbiketa bereziak egingo dituzte.
Azkenik, Udaltzaingorako informatikako laguntzaile bat kontratatu dute, tresna informatiko bat ezartzeko, eta Udal Euskaltegirako beste teknikari bat ere bai, Moodle plataformaren kudeaketa-lanak egiteko. Bi kasuetan, kontratuen iraupena hamabi hilabetekoa izango da, 2021eko azaroaren 30etik 2022ko azaroaren 29ra, biak lanaldi osokoak. "Bi emakume hautatu dira, programak eskatzen duen bezala, 30 urtetik beherakoak direnak eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudenak". Bi lanpostuen kostua 90.111,19 eurokoa da, % 51 Lanbidek finantzatzen du eta gainerako %49 Arrasateko Udalak.
Bost hilabeteko kontratuak
Brigada txikiei dagozkien hamazazpi kontratuek bost hilabeteko iraupena dute. Sexuaren arabera, hamar emakume eta zazpi gizon daude; horietatik sei, 55 urtetik gorakoak dira, eta hiru, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak edo onuradunak. Hamazazpi kontratu horien kostuak estaltzeko behar den aurrekontua 257.166,13 eurokoa da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Arrasateko Udalak finantzatua.
Hala, Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez, orotara 347.277,32 euro erabiliko dira hemeretzi kontratazioak egiteko. "Ekimenaren helburua langabetuen laneratzea bultzatzea eta erraztea da, udalerriko garapen ekonomiko eta soziala sustatuz enplegu-aukerak eskainiz".
Lanean jarraitzeko aukera
Garmendiak, iazko kontratazioen harira, azpimarratu du lorezain eta eraikin garbitzaile gehienek lanean jarraitzeko aukera izan dutela dagozkien enpresetan. "Azken batean, programa honen helburua hori da, langabeei aukera bat eskaintzea, formazio pertsonala jasotzeaz gain, lan aukera izan dezaten aurrera begira", gaineratu du Ubarretxenak.
Bestalde, iaz baino kontratazio gutxiago egin dituzte aurten. "Lanbidetik dirulaguntza handiagoa jaso genuen iaz, programa gehigarri batean sartzen ginelako, langabezia-tasa zela eta. Zorionez, tasa hori jaitsi egin da Arrasaten eta ez dugu aukera eduki programa gehigarri horretan sartzeko". Azken datuen arabera, Arrasateko langabezia-tasa %10,82an dago (emakumeena, %12,25 eta gizonezkoena, %9,52).