28 langabe kontratatu ditu Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 11a, 13:03

Pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko egokitu duen enplegu sustapen planaren baitan, bost brigada txikitan banatutako 26 langabe kontratatu ditu Arrasateko Udalak. Gainontzeko bi kontratazioak gazteen enplegua sustatzeko programaren bidez egingo ditu: turismoko teknikari bat eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea.

Brigada txikiei dagokienez, herritarren laguntzaileena da nabarmentzekoa, dituen berezitasunengatik. Zortzi langilek osatuko dute taldea, gizonezko batek eta zazpi emakumezkok, eta haien zeregina, Zigor Andino udaltzain buruaren esanetan, izango da Udaltzaingoari laguntzea ikastetxeetako sarreretan eta irteeretan, herritarrek egin diezaieketen kexak jasotzea eta udal kontuen gaineko informazioa ematea, baldin eta herritarrek eskatzen badiete. "Azkenik, bide publikoetan ikusten dituzten gabezien berri ere emango diote Udalari: farola bat ez dabilela, iturri batek ura ez duela botatzen, baldosa batzuk pitzatuta daudela eta abar. Herritarrek horrelako kexak helarazi diezaiekete herritarren zaintzaileei, eta haiek konturatzen badira ere abisua emango dute, noski", gaineratu du. Jardunaldi osora egingo dute lan, lau langileko bi errelebotan banatuta. 07:00etatik 14:15era eta 13:00etik 20:15era.

Bestalde, azpimarratzekoa da eraikin garbitzaileen brigada ere. "Pandemiaren eraginez, eraikinak garbitzeko eta desinfektatzeko brigada bat ere sortu dugu", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. Hala, udal eraikinen garbiketa bereziak egingo ditu bost langilez osaturiko brigada horrek, "COVID-19aren ondorioz sorturiko garbiketa behar puntual berriei" aurre eginez.

Hirugarren brigada baso eta erreketako langileena da –zazpi dira, taldeburuarekin–. Erreka ertzen garbiketa eta landare inbaditzaileen erradikazioa eta natura bideen sarea eta natura guneen mantenuaz arduratuko dira. Hala, hauek izango dira haien zereginak: "Errekan pilatutako zaborra atera, landare inbaditzaileen kontrola, zuhaitz landaketak eta inausketak, landa guneko lursailen sastraka kentzeak, lursailen arteko mugarriak jarri, natura bideen sarearen mantenua, aisialdiko baratza parkearen mantenua".

Lorezaintzako peoiak lau izango dira eta lorategietako hobekuntzaz arduratuko dira. "Belargune eta txorkoetan dauden zuhaitzetan eta zuhaixkak dauden guneetan lanak egingo dituzte, ondorengo mantentze lanak errazteko".

Azkenik, bi pintore kontratatu ditu Udalak. "Lau kontratatzea zen asmoa, baina bi bakarrik aurkeztu dira", adierazi du alkateak. Ardurei dagokienez, hondatutako herriko hainbat altzari, seinalizazio eta bestelako elementuei erabilera-bizitza luzatzea izango da, besteak beste, "ezohiko mantenuko tratamendua emanik, denbora gehiago erabilgarri eta txukun jarraitzeko". Hala, herrian zehar hiri altzari, seinalizazio eta udal baliabideak margotzea izango da haien lana.

Kontratazio kopuruak gora

COVID-19aren krisia dela eta, esfortzua "bikoiztu" du Udalak, eta kontratu kopurua handitu du. Izan ere, 2020-2021 enplegu sustapen planean 28 kontratu egingo ditu eta 2019-2020ko planean 17 kontratu egin ziren. Bestalde, hainbat baldintza bete behar izan dituzte herritarrek eta  egoera zaurgarrian daudenek lanpostu bat izateko aukera izatea lehenetsi du Udalak. Izan ere, kontratazioen helburua da langileek esperientzia bat irabaztea eta lan-munduratzea erraztea, etorkizuneko lan baterako laguntza edo lehen pauso modura.

Bost hilabeteko kontratuak dira guztiak brigada txikietako langileei dagokienez, hamalau emakume eta hamabi gizonezko dira. "Horietatik bost pertsona 55 urtetik gorakoak dira eta hamaika, aldiz, dirusarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradunak", gaineratu du alkateak.

Zati handi bat, langabeen kontratazioetara

Orotara, zortzi lerroz dago osatua 2020-2021eko enplegu plana, 665.328 euroko aurrekontuarekin, eta horietatik 417.828 euro bideratu ditu Udalak langabeen kontrataziora. Gainontzekoa, berriz, beste arlo batzuetara bideratu du: Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru laguntzak (87.500€); Titulatu berrien laneratzerako ekimenak (7.000 €); Enpresa berrientzako diru laguntzak (35.000 €); Langabeentzako ikasteko diru laguntzak (30.000 €); Ekonomia suspertzeko ekitaldiak, enplegu azoka (15.000 €); Ekintzailetzaren sustapena (23.000 €); eta lanerako prestakuntza (50.000 €).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak