Ondare-balioak mantenduta, amaitu dituzte Kulturolako lanak

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 22a, 16:23

Urtarrilean bisitak antolatuko ditu Arrasateko udalak herritarrek eraikina barrutik ikus dezaten eta hilabete berean, amaiera aldera hasiko dira taldeak espazioa erabiltzen; hemezortzi kultura talde eta udal euskaltegia batuko ditu eraikinak.

Amaitu dute Kulturola eraikineko obra, eta eraikina berreskuratzeko eta horietan izango diren taldeen beharrak eta ezaugarriak kontuan hartuta egin dituzte zazpi milioi inguruko aurrekontua izan duten lanak. Gainera, eraikinak dituen ezaugarri tipologikoak mantendu dituzte hormigoizko estruktura, beirateen konposizioa, sabai-leihoak eta abar. Urtarrilean zehar herritarrek eraikina barrutik ikusteko aukera izango dute Arrasateko Udalak antola-tuko dituen bisita gidatuen bitartez.

Arrasateko hemezortzi elkarte ezberdinentzat lekua izango da Zerrajerako Erlojuaren eraikin berrituan, eta baita udal euskaltegiko langile eta erabiltzaileentzat ere. Soinu intsonorizatua duten hainbat gela, espazio handikoak, leiho handiak argitasuna sartzeko, eta abar batzen ditu eraikinak, beste hainbat berezitasunez gain. Estetika gorria ardatz, linea ber-dinari jarraituz egin dituzte, esaterako, komunak, eta bada berezitasun bat; argi gorriko eremua.

Taldeen banaketa

Beheko solairua altuena da eta altuera behar duten talde batzuk izango dira bertan. Hauek dira beheko solairua erabiliko duten taldeak: Izaskun Murgia elkarte lirikoa, Loixe Zeramika, Zaldibar futbitoa, konpartsak eta SUDC eta Santamas komisiñuak erdibana lokal bat. Lehen solairuan, berriz, udal euskaltegia, margo taldea, bertso eskola eta Doke egongo dira, eta bigarrenean, Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaiz dantza taldeak, trikitixa eskola, Portaloi taldea, Udalaxpe txistulariak, Sambamaña, Txorbela, Ttakun Txalaparta eta Gaiteroak.

Herritarrentzat bisita gidatuak

Kultura gune estrategiko gisa funtzionatzeko helburua izango du eraikinak, eta, erabiltzaileak eraikinera joan aurretik bisita gidatuak antolatuko dituztela urtarrilean, adierazi zuen Maria Ubarretxenak, Arrasateko alkateak. "Lanak amaituta, eraikina hutsik ikusteko aukera izango dute herritarrek, urtarrilean. Kulturola eraikina beteta ikusteko gogoz gaude, eta honek izango duen magia puntu hori eraikina bizitzaz betetzen denean izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak