Aretxabaletako eta Oñatiko Udalek emandako konpromisoaren ostean, astearteko osoko bilkuran onartu zuen Arrasateko udalbatzak Migraziorako Euskal Itun Soziala. 'Jaso nahiko genukeena eskaintzea' deitutako dokumentuak abiapuntu amankomun batzuk definitzen ditu, eta sinatzen duten pertsona, entitate eta erakundeak biltzen dituen bederatzi zeharkako aukeretara eta hamar konpromiso zehatzetara atxikitzen dira.
Pluraltasuna, elkartasuna eta beharrizana oinarri hartuta, dimentsio arauemaile zein etika demokratikoko dimentsioa du itunak; hots, migratzaileen eskubide eta betebeharrak bermatzea du helburu, printzipio etiko nagusi gisa "jaso beharko genukeen hori eskaintzea" hartuz. Horrez gain, politikoki "populismo xenofoboaren mehatxuari aurre" egiteko ere baliagarria da, oztopoen zein aukeren testuinguruan baitago kokatuta.
Aukerak eta konpromisoak
Bizikidetza bideratzea, giza eskubideak bermatzea, administrazioetan kultur-aniztasunaren begirada txertatzea, eskubide eta betebeharren arteko kohesioa, pedagogian sakontzea, tokiko esparruan integratzea, berdintasuna, hizkuntzen ikasketa prozesua ahalbidetzea eta instituzio eta gizarte eragileen arteko lankidetza sustatzea dira, bakoitzaren "gaitasun eta eskumenen neurrian", sinatzaileek adostutako bide orriak.
Horretarako, hamar konpromisoren garapenari bide emateko hautua egiten dute Migraziorako Euskal Itun Sozialaren sinatzaileek: lankidetza, batasuna, immigrazio erregularizaturako bidea lantzea, edota bizikidetzaren kultura indartzea, besteak beste. Ondoko estekan dago ituna irakurgai.