Ohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak eguaztenean, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako Migrazioko Euskal Itun Soziala izan zuten berbetarako gai, besteak beste. Jaso nahiko genukeena eskaintzea izeneko dokumentuan hamar puntu zehaztu dituzte, eta horiei babesa eman zien udalbatzak, aho batez. Immigrazio erregularizatuari zein erregularizatu gabeari, hainbat eragileren arteko erantzunkidetasunari, bidaiderik gabe datozen adin txikikoei eta bizikidetzaren kulturari erreparatu diete dokumentu horretan, eta konpromisoak zehaztu dituzte. Hala, bizikidetzaren, giza eskubideen, genero-berdintasunaren eta beste hainbat konturen gaineko konpromisoak hartu zituen udalbatzak horri erakutsitako atxikimenduarekin.
Energiaren prezioaren gaineko mozioa
Bestetik, mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartzeko neurrien gainekoa. Argindarraren prezioa maximo historikoetan egoteak "ondorio larriak" izan dituela familietan, enpresa txiki eta ertainetan eta denda txikietan adierazi zuten, eta tokiko erakundeetatik ere urratsak egin daitezkeela gaineratu. Hala, proposatu zuten Jaurlaritzari eskatzea, besteak beste, autokontsumoa eta komunitate energetikoak sustatzeko partida bikoiztea 2022an eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen baitako diru-kantitateak handitzea. Alkatea ez zen bat etorri mozioan esandakoekin, baina onartu zuen energia burujaberanzko pausoak eman beharra dagoela. Horregatik, abstenitu egin zen EAJ, eta mozioa onartutzat eman zen.