Azaroak 25 izanda, normalean baino ordubete lehenago egin zuen hileko ohiko osoko bilkura atzo Oñatiko udalbatzak, iluntzerako deituta zegoen manifestaziora joateko deia eginda zuen-eta.
Hain zuzen ere, indarkeria matxistaren aurkako adierazpen instituzionala aurkeztu eta onartu zuten udalbatza osatzen duten alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, 2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 101 emakume eta 11 haur erailak izan direla Euskal Herrian esanaz hasi zuten testua, eta konpromisoa duela esan identifikatutako beharrei erantzuteko baliabideak ezartzeko, berdintasun departamenduko aurrekontua ez murriztearekin batera.
Abenduaren 3an egingo den Euskararen Egunari buruzkoa ere aurkeztu zuten elkarlanean alderdi biek. Pandemiatik ateratzen ari garen garai honetan, funtsezkoa den ezer atzean ez gelditzeko konpromisoa hartzen dutela adierazi zuten testuan, ezta euskara ere.
Onartutako hirugarren adierazpen instituzionala, berriz, Migraziorako Euskal Itun Soziala izan den, eta jasotzea gura genukeena eskaintzea dela kontua, migrazioa ez delako egoeraren araberako fenomenoa, munduan, Europan eta Euskadin gertatzen den egiturazko egoera bat baizik.
Adostasunez onartu zituzten hiru testuak. Ez, ordea, EH Biduk interes publiko goreneko proiektuen erregulazioari buruz aurkeztutako mozioa. EH Bildurentzat, EAJk eta PSEk lurralde antolamenduko legeari egin gura dioten moldaketak autonomia kenduko die Udalari; klima aldaketa zuritzeko egin dute eta gainera, ez bide zuzenetik.
EAJrendako, ordea, hori ez da horrela. Aldaketa hori egin arren instituzio bakoitzak bere eskumenak mantendu egingo ditu.
Kargu uztea
Azaroko osoko bilkuran izen propio batek pisu berezia hartu zuen. Bixente Urrutia zinegotziarenak, alegia, utzi egin baitu kargua. Udaleko lantalde guztiei, alkateari, zinegotziei, auzo alkateei eta herritar denei eskerrak emanda agurtu zen, bi urte hauetan asko ikasi duela gaineratuz. Zinegotzi guztien txaloekin eskertu eta agurtu zuten; taldekideek bertso baten laburtu zuten bere jarduna eta eskertu zioten bere lana eta konpromisoa. Bertso hori idatzita zetorren euskarria opari eman zioten gero.
Atzo ikus-entzule moduan izan zen Karmelo Guridik hartuko du Bixente Urrutiaren tokia. Hori gauzatzeko tramiteak egingo dituzte eta ondorengo osoko bilkura batean hartuko du kargua. Hurrengo osoko bilkura abenduaren 16an izango da eta 2022ko aurrekontua onartzea izango da puntuetako bat.