Oraindik ezin dira etxean sartu

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko abe. 10a, 13:03

Lur-jausia gertatu zen San Andresko Ibai Alde etxe ondoan.

Joan den domeka ilunkeran, luizi bat gertatu zen San Andres kaleko Ibai Alde etxean, eta, eraikineko hiru etxebizitzetan kalte materialik atzeman ez bazuten ere, irtenarazi egin zituzten bizilagunak, eta, gaur-gaurkoz, ezin dira euren etxebizitzetara bueltatu.

Axun Otxoa Ugalde zegoen etxean luizia gertatu zen unean, eta bakarrik. "Zarata handia entzun nuen, eta horma osoa jausi zen errekara. Ortu erdia baino gehiago eraman du". Abisua eman, eta udaltzainak, ertzainak eta suhiltzaileak bertaratu ziren. "22:30 aldera esan ziguten ezin ginela etxean gelditu, eta nire semearen etxean egin dut lo", azaldu zuen. Hala, etxetik kanpo pasa behar izan zuten gau hura, eta baita orain arteko guztiak ere.

Martitzenean, Udaleko arkitektoa joan zen egoera aztertzera, eta, Adrian Ugalde bizilagunaren esanetan, haren irizpidea zen garrantzitsuena, hark erabakiko zuelako bizilagunak euren etxebizitzetan geratu zitezkeen edo ez. "Ezetz erabaki zuen, behin-behinean, berak txostena osatu arte eta errekaren maila jaitsi arte, egoera ondo aztertu ahal izateko eta erabakitzeko hormak erortzeko arriskua duen edo ez", nabarmendu du Ugaldek. "Eta hori luze joango da, errekaren maila altua izango delako denbora batean".

Txosten teknikoaren zain

Ugaldek nabarmendu du oraindik udaletxeko txosten teknikoaren zain daudela, eta aldeko ebazpen batek asko lagunduko liekeela Ura agentzian eskaera egiterakoan. "Udalaren babesa izatea asko da". Udal Gobernuak, bestalde, azaldu du udal zein Ura agentziako teknikariak aztertzen ari direla gaia.

Aspalditik ari dira borrokan

Eraikin horretako bizilagunak aspalditik ari dira borrokan errekan harri-lubeta bat jarri eta euren etxebizitzak babesteko. Ugaldek azaldu duenez, 1965ean, aurreikusita zegoen Deba errekaren kanalizazioa puntu horretan egingo zela, harri-lubeta batekin, hain zuzen ere. "Horrek ahalbidetuko luke errekak bere bidea egitea beste lur batzuk kaltetu barik", nabarmendu du. "Hala ere, urte hauetan guztietan ez da halakorik egin eta hemengo bizilagunok, guk eta gure oinordekoek, hainbat kexa jarri izan ditugu Arrasateko Udalean eta Eusko Jaurlaritzan, haiena baita lur horien eskumena. Askotariko kexak jarri izan ditugu, besteak beste, 1966an, 1990ean, 1992an, 2008an eta aurten, 2021ean". Horrez gain, planoak ere badituztela gaineratu du bizilagunak. "Ikusten da lehen askoz ere lehenago egiten zuela bihurgunea errekak. Azken batean, bere bidea egin du urak eta zabalean irabazten joan da apurka-apurka, gure etxera gerturatuz".

Bi faktore nagusi ikusten dituzte. "Batetik, Uribesalgo lantegia zenetik Etxaluzeraino kanalizazioa eginda dago, zementuaren gainean. Errekaren gainean botata dago zementu hori eta gure etxe parean uraren maila igo egiten da, presa moduko bat egiten duelako. Bestalde, 200 metro gorago, hain zuzen, harri-lubeta bat dago, eta, horren eraginez, erreka estutu egiten da eta indar handiagoarekin etortzen da gure etxe ondoko bihurgunera. Horrelako baten beldur ginen, eta, azkenean, gertatu egin da", azpimarratu du Ugaldek.

Erlazionatuak

Etxera bueltatu dira

Eneko Azurmendi Barrena 2021 abe 13 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak