Hiru etxebizitza ditu San Andres kaleko 6. ataria den Ibai Alde etxeak. Axun Otxoa Ugalde zegoen etxean luizia gertatutako unean, eta bakarrik. "Zarata handi bat entzun nuen, eta horma dena jausi zen errekara. Ortu erdia baino gehiago eraman du". Abisua eman eta udaltzainak, ertzainak eta suhiltzaileak bertaratu ziren. "22:30ak aldera esan ziguten ezin ginela etxean gelditu. Nik semearen etxean egin dut lo. Alabak, berriz, hotel batean... Orain gauza batzuk hartu ditugu, eta zain gaude ea zer esaten diguten", azaldu du Otxoak.
San Andres kaleko bide zati hori itxita egon da gaur goiz erdira arte. Bizilagunak kezkatuta daude eta nahi dute teknikoak bertatik lehenbailehen pasatzea egoera zein den aztertzeko eta behar den moduan baloratzeko. Badirudi, ordea, ez dela bihar arte posible izango.
Haserre daude bizilagunak. Aspaldiko kezka zen azkenean gertatu dena. "Abisu bat baino gehiago eman dugu udaletxean, baina ez dugu erantzunik jaso, eta azkenean gertatu egin da", esan dute.