Iazko edizioa bertan behera geratu ostean, 2021eko Arrasateko Akordeoi Lehiaketak aurkeztu dituzte gaur eguerdian Kulturaten. Abenduaren 4tik 6ra bitartean Gipuzkoako eta Nazioarteko soinu-jole trebeenak Arrasatera erakarriko ditu hitzorduak. Nazioarteko Txapelketan puntako 6 soinu-jole arituko dira, Gipuzkoako Lehiaketan 28 eta Gipuzkoako Jaialdian, aldiz, 146.
Erantzun "oso positiboa" izan dutela azaldu du Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko presidentea den Arantxa Agirrek, "are gehiago bizi dugun egoera kontuan izanda": "Erronka handia izan da dena antolatzea, baina pozik gaude erantzunarekin. 180 parte hartzaile izango ditugu guztira. Hasiera batean Arrasate hiria lehiaketan 10 parte hartzaile genituen, baina lau ezin izango dira etorri COVID-19agatik hainbat herrialdetan ezarritako neurriengatik. Hala ere, oso emaitza ona dela iruditzen zaigu egoera kontuan izanda".
Nazioarteko Lehiaketan Maryua Arol bielorrusiarra, Maria Cubas espainiarra, Kamil Dmochowski poloniarra, Yilin Han txinatarra, Adam Maksymienko poloniarra eta Piotr Motyka poloniarra arituko dira.
Herritarrei kontzertuetara gerturatzeko deia
Hitzordua berreskuratzeagatik pozik agertu da Arrasateko alkate Maria Ubarretxena eta herritarrak animatu ditu kontzertuetara gerturatzera: "Oso pozik gaude Akordeoi Lehiaketa berriz ere Arrasatera bueltatu direla. Pasa den urtean ezin izan genuen egin, eta balioan jarri nahiko nuke Hauspoz elkarteak egiten duen lana. Aurten ere testuinguru berezian ospatuko da, neurriekin, baina hala ere nazioarteko partaideak izango ditugu, bertakoak ere, eta Arrasatearrak animatu nahi ditut kontzertuetara gerturatu eta musikaz gozatzera".