ALBISTEAK

"Nik jasan dotelako, zuk jasan dozulako, denok jasan dogulako... Sinisketan dotzut"

Indarkeria matxista "leku eta espazio" guztietan presente dagoen honetan, ozen aldarrikatu dituzte emakumeen eskubideak, Arrasateko elkarretaratzean. Nik sinisketan dotzut, eta punto leloarekin egon dira kalean, eta "garbi" utzi gura izan dute, eraso baten "ardura, erasotzailearena" dela. "Arduradun bakarrak dira. Ez dezagun fokua desbideratu", esan dute.

Herritarren askoren babesarekin egin dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko elkarretaratzea. Pankartaren atzean, isilik egon dira, ordu laurdenez. Ostean, sei eraso egoera laburtzen duten esaldiak irakurri dituzte: Erasotua izan eta nire burua zalantzan jarri dot; niri be, tabernan sartu eta ipurdixa ikutu duztie; ikusezin sentiarazi naute; lanetik berandu, gabaz, urtetie toketan jatenien, etxerako bidie mugikorretik berbetan banindoien moduen eitten dot; bilera baten nire proposamenai kasuik ez in eta ostian gizon batek berdina esan eta beria aintzat hartu daue; eta domeka atsalde baten, etxetik kalerako bidien, mutil batek, atzetik oratu ta erasotu ninduen, probokatzen nauzu oihukatzen zeuala

Horien guztien ostean, elkarretaratzean parte hartu duten guztiek "ta ez da nere errua" erantzun dute.

"Mila aurpegi"

Ekitaldia bukatzeko aldarrikapen testua irakurri dute. Salatu dute emakumeen kontrako biolentziak "mila aurpegi" dituela, eta "leku eta espazio danetan" presente dagoela. Horregatik, eskaera egin dute: "sexismoaren aurkako jarrera irmoa hartzeko eskatzen dizuegu: erasotzailearen laguna bazara, ez izan konplize, eta hartu kargu. Eta, gizonak: errepasatu eta aztertu zuen jarrerak". Eta, gaineratu dute: "ez dugu eraso bakar bat gehiago onartuko".

Bukatzeko, mezu zuzena bidali diete erakundeei: "Urtean behin, kultura etxeko fatxada morez argiztatzeak ez du ezertarako balio, urtean zehar egiten diren ekintzak eta planak ez badira babesten. Horiek garatzeko bulego duinak behar dira".

 

Erlazionatuak

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak Debagoieneko kaleetan

Azaroaren 25ak indarkeria matxista utzi du agerian Debagoieneko kaleetan. Aski dela esan dute eta autodefentsa feminista deitu han eta hemen. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.