2018ko apirileko osoko bilkuran, Arrasateko udalbatzak aho batez onartu zuen 2027ra arteko Mugikortasun Iraunkorreko Plan Integrala, orduko mugikortasun joerak aldatzea helburu hartuta. Alde batetik, mugikortasun jasangarriranzko bidea indartzea da helburua, motordun ibilgailuen erabilera jaitsiz eta garraio publikoan, oinez eta bizikletan egindako desplazamenduak areagotuz. Bestetik, erdigunean dagoen "agitaziozko" trafikoari konponbidea ematea lortu gura du planak, eta hor kokatzen da TAO sistema (OTA). "Errotazio eskaririk handiena hemen [erdigunean] kokatzen da, erakarpen zentro nagusi asko gertu daudelako, eta honek eskatzen du gatazka konponduko duten neurri ausartak hartzea, udalerriko bizilagunen aparkamendua eta ongizatea bermatzen, beharrezkoa kontsideratzen den puntu haietan errotazioa sustatzen", dio idatziak. Modu horretan, Arrasateko zona batzuentzat aparkamenduaren erregulazio sistema berri baten proposamena jasotzen du planak; erregulatu nahi diren zonak zehazten ditu eta ezarri daitezken tipologia ezberdinak definitzen. "Ondoren, Arrasateko Udalak izan behar du plazen tipologiak, aparkatzeko gehienezko denbora eta bertakoaren bereizgarria lortzeko baldintzak definitu beharko dituena".
Horri jarraiki, Udal Gobernuak TAO sistema berriaren hasierako proposamena aurkeztu zuen 2020ko urtarrilaren 9an, eta herritarrei ere bidali zien etxeetara, gune informatiboak jartzearekin batera. Ekarpenak jasotzeko epe bat zabaldu ostean, ekarpen horiek hasierako planteamenduarekin uztartzeko prozesua abiatu zuen Gobernuak, "ausaz aukeratutako herritar talde baten laguntzarekin", eta parte-hartze prozesu horretan 488 ekarpen jaso zituen.
Ordenantza, 2020ko azaroan onartuta
Pandemiak atzeratu egin zituen epeak, eta 2020ko azaroko osoko bilkuran onartu zituen udalbatzak TAO sistema arautzen duten ordenantza eta dagozkion tarifak. Era horretan, onartuta geratu zen Elmako biribilgunetik hasi eta San Andreserainoko aparkalekuetan TAO sistema berria ezartzea, ospitalean eta Zalduspe gunean izan ezik, eta Aldain eta Txaetan ere bai. Kontrara, herrigunetik kanpo dauden Zerrajera, Musakola, Erguin, Obenerreka, Makatzena, Santa Marina eta Santa Teresa, besteak beste, salbuetsita geratu dira. Izan ere, zortzi barruti edo gune daude: Otalora-Ferixalekua, Garibai, Zarugalde-Munar, Arimazubi, Uribe, San Andres, Zabalgunea-Aldai eta Txaeta. Gune horien barruan, halaber, bost tarifa mota egongo dira: Bertakoak, TAO express, doako TAO, TAO arrunta eta TAO luzea.
Egoiliarren txartelei dagokienez, ohiko egoiliarraren lehen txartelak 35 euro balio du eta bigarrenak, 75 euro. Alde zaharrekoak, berriz, lehenak 30 euro eta bigarrenak 60 euro. Bertako merkataritza txartelari erreparatuta, egoiliarraren lehen txartelak 35 euro balio du, bigarrenak 75 euro eta ibilgailu errotulatuenak 35 euro. Alde zaharrean, lehen merkataritza txartelak 35 euro, bigarrenak 60 eta ibilgailu errotulatuenak 30. Guztiak ere urtero berritu behar dira, eta egokitu zaien barrutian aparkatu ahalko dute egoiliarrek eta merkatariek, bai bertakoen gunean, bai TAO arruntean eta baita TAO luzean ere.
Urtean 468.144 euro
Horrez gain, 2021eko maiatzeko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak TAO sistemaren kudeaketan asistentzia emateko zerbitzua. Modu horretan, Arrasateko Udalak Gertek Sociedad de Gestiones y Servicios SA enpresari esleitu zion zerbitzua, urtean 468.143,86 eurogatik –BEZa barne–, sei urte eta sei hilabeteko epean.
Bi hilabete, proba modura
Azken bi urte hauetan "lanketa sakona" egin dutela nabarmendu du Maria Ubarretxena alkateak, eta kontrako hainbat ahots irten diren arren, erabakia "irmoa" dela baieztatu du. "Prozesu parte-hartzaile izugarri bat egin genuen, hilabeteak iraun zuena. Bilera irekiak ere egon dira eta arrasatear askok eta askok hartu dute parte. Beraz, uste dugu prozesu hori errespetatu egin behar dela".
Hori hala izanik, bi aste barru jarriko dute indarrean sistema berria. Herritarrak apurka egokitzen joan daitezen gura du Udal Gobernuak, eta abenduan eta urtarrilean proba modura funtzionatuko du. "Erabilpen arrunta izango du; hau da, tiketa ateratzea beharrezkoa izango da eta ordaindu beharrekoa ordaindu beharko da. Edozelan ere, TAO guneak zaintzeaz arduratuko diren langileek ez dute isunik jarriko. Pedagogia lana egingo dute, eta, kasuan kasu, dagozkien azalpenak emango dizkiete herritarrei", adierazi du Anuska Ezkurrak, Udal Gobernuaren bozeramaileak.
Ezkurrak gaineratu du kontziente direla gauza berria dela eta egokitzapenak beharko dituela. "Bizirik dagoen prozesu bat da. Martxan jarri ahala, egoera berriak sortuko dira. Gertuko jarraipena egingo diogu gaiari eta egin beharreko egokitzapenak egingo ditugu".
EH Bildu, Herri osoko sistemaren alde
EH Bilduk herri guztia eta auzo guztiak integratzen dituen TAO sistema bat gurako luke, mugikortasun planean oinarritutakoa. "Mugikortasuna herri osoan bermatu behar da". Halaber, TAO sistemaren lehenengo orduak dohainik izan beharko lirateke, koalizio abertzalearen ustez, "eta ondorengoak oso prezio murriztuetan". Horrez gain, sistemaren gestio publikoa babesten dute: "Askoz merkeagoa izango litzateke eta langileen baldintzak duinagoak izango lirateke". Hori dela eta, aurka bozkatu zuten zerbitzuaren esleipenaren bozketan. Izan ere, kudeaketa publikoarekin sistema "defizitarioa" izango litzatekeen arren, "herritarren onurarako" baldin bada, ahalbidetu egin beharko litzatekeela uste du koalizio abertzaleak.
Elkarrekin Arrasateren ustez, "lan sakonagoa" behar da
Elkarrekin Arrasatek uste du Gobernuak ez duela aurreikusi sistemak inguruko auzoetan izango duen eragina. Era berean, salatu du herri osoaren egunerokotasunean "eragin zuzena" daukan gaia izanik ezin dela garatu "herritar zati txiki baten" parte-hartzearekin, eta mugikortasun eredua aldatzeko "lan sakonagoa" egin behar dela ere nabarmendu du, "garraio publikoa are gehiago indartuz eta zerbitzu irisgarriagoak eginez gehien behar dutenei". Azkenik, gestio publikoaren defentsa egin du ezkerreko koalizioak ere – aurka bozkatu zuen esleipenean–.
Auzotarrak eta merkatariak
Sistema aplikatuko ez den auzoetako ordezkariek, Musakolako, Erguingo eta Santa Teresakoek, esaterako, kezkaz bizi dute gaia, horrek aparkalekuen arazoa "lekualdatu" besterik ez duela egingo argudiatuz.
Bestalde, hainbat merkatari ere kexu dira. "Ez dugu eskatzen TAOrik ez ordaintzea. Baina ordenantza oso zurruna da eta kasu asko eta asko ez ditu kontuan hartzen. Komertzioa dugunon auto partikularretarako txartel edo baimen berezi bat eskatu dugu, baina Udalaren erantzuna ezezkoa izan da. Ez da gure kasua bakarrik, merkatari asko egoera berean daude, eta kalte egiten digu", dio Auzokide enpresako jabe Barbara Lamasek. Ibai-artek, oraingoz, ez du iritzirik eman gura izan TAO sistemaren harira.
Bergaran eta Oñatin ere TAO dago
Geroz eta udalerri gehiago ari dira TAO sistemaren aldeko apustua egiten dutenak. Udalerri bakoitzak bere testuingurua bizi du eta askotariko arrazoiak egon daitezke aparkatze sistema hori ezartzeko, baina arrazoi nagusia da errotazio eskari handia dagoen lekuetan, gehienetan erdigunean, autoak denbora luzez aparkatuta egotea saihestea.
Debagoienari dagokionez, Bergara izan zen TAO sistema ezarri zuen lehen udalerria, 2010ean, eta gaur egun ere indarrean jarraitzen du. Kasu horretan, doakoa da, baina tiketa beharrezkoa da, eta iraupenak gunearen araberakoak dira.
Gerora, 2016an, Oñatik ere ezarri zuen aparkatzea mugatzen duen sistema hori, lehenenik kiroldegi azpiko aparkalekuetan, eta ondoren, erdiguneko hainbat kaletan. Doakoa da hor ere