TAO gabeko auzoetako bizilagunak, arduratuta

Eneko Azurmendi 2021ko urr. 4a, 09:01

TAO gabeko gunea dela dioen seinalea, Erguin auzoko sarreran.

Erdiguneko TAO sistema abenduan jarriko dute martxan, baina sistema aplikatuko ez den auzoetako herritarrek kezkaz bizi dute, horrek aparkalekuen arazoa lekualdatu besterik ez duela egingo argudiatuz; Musakola, Erguin eta Santa Teresa dira horietako batzuk.

Arrasaten aparkalekuekin arazoa dagoela inork ez du ukatzen. Arazo horri konponbidea emateko Gobernuak aukeratutako bidea, ordea, ez da guztien gustukoa izan. Erguinen, esaterako, arazoa "larriagotu" egingo du TAO martxan jartzeak, Andoni Altzelai auzo-alkatearen esanetan. "Hemen ez denez TAOrik egongo, inguruko herritarrak hona etorriko dira aparkatzera". Hainbat auzotarrek adierazi diotenaren arabera, Altzelaik aitortu du sistema Erguinen ere jartzea izango litzateke justuena. "Hori eskatu gura diogu Udal Gobernuari. Modu horretan, Erguingo biztanleek lehentasuna izango lukete euren auzoan aparkatzeko".

Avesantes elkarteak, birplanteatzeko eskaera

Santa Teresako eta Doneztebe Portuko bizilagunek osatzen duten Avesantes elkarteko kideek diote sistema berriak aparkalekuen arazoa lekuz aldatu besterik ez duela egingo. "Horrelako sistema bat martxan jarri behar denean, herritarren iritzia kontuan hartu behar da. Santa Teresan eta inguruko kaleetan sekulako arazoa daukagu aparkalekuekin, eta, TAO martxan jartzen denean, are larriagoa izango da". Hori dela-eta, Gobernuak proiektua birplanteatu egin beharko lukeela uste dute.

Musakolan, "arduraz"

Oxel Apraiz Musakolako auzo-alkateak dio "arduraz" ikusten duela gaia. "Herritarrak TAO ez dagoen lekuetara joango dira aparkatzera; Musakolara, esaterako. Egia da hemen leku asko dugula aparkatzeko eta gaur egun ez dugula arazorik, alde horretatik, baina arduraz ikusten dugu sistema berria martxan jartzea, hemengo bizilagunen kalterako izango delako kanpoko autoak etortzea. Hori dela-eta, ikusiko dugu martxan jarritakoan nola eragiten digun gure egunerokoan, arazoren bat eragiten duen, eta horren arabera ikusiko dugu nola jokatu", gaineratu du.

EH Bildu, herri osoan integratutako sistemaren alde

EH Bilduk herri guztia eta auzo guztiak integratzen dituen TAO sistema bat gurako luke, mugikortasun planean oinarritutakoa. "Mugikortasuna herri osoan bermatu behar da, bidegorriak, busaren erabilera eta abar. Baserri auzoez ahaztu gabe, garraio zerbitzu publikorik ez dutela gogoratu behar dugu, nahiz eta hainbatetan mahaigaineratu dugun gaia". Halaber, TAO sistemaren lehenengo orduak dohainik izan beharko lirateke, koalizio abertzalearen ustez, "eta ondorengoak oso prezio murriztuetan". Horrez gain, sistemaren gestio publikoa babesten dute: "Askoz merkeagoa izango litzateke eta langileen baldintzak duinagoak izango lirateke". Horren ondorioz "defizitarioa" izango litzatekeen arren, "herritarren onurarako" baldin bada, ahalbidetu egin beharko litzatekeela uste dute.

Elkarrekin Arrasatek gestio publikoa defendatu du

Elkarrekin Arrasatek uste du Gobernuak ez duela aurreikusi erdiguneko TAO sistemak inguruko auzoetan izango duen eragina. Era berean, salatu du herri osoaren egunerokotasunean "eragin zuzena" daukan gaia izanik ezin dela garatu "herritar zati txiki baten" parte-hartzearekin, eta mugikortasun eredua aldatzeko "lan sakonagoa" egin behar dela ere azaldu du, "garraio publikoa are gehiago indartuz eta zerbitzu irisgarriagoak eginez gehien behar dutenei". Azkenik, gestio publikoaren defentsa egin du. "Tamalez, Udal Gobernuak gero eta udal ondasun gehiago enpresari eta lagunen poltsikora bideratzen dihardu, guztion eskubide eta zerbitzuen kontura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak